Astekaria

"Etorkizunean entrenatzera itzultzea espero dut"

Garazi Misiego, arbela eta pilota eskuan dituela. UTZITAKOA

Garazi Misiego Ardoiko jokalari ohiak argi du berriz ere ez duela jokatuko. Oraingoz gustora dabil, semeaz gozatzen, baina noizbait entrenatzera bueltatzea gustatuko litzaioke, etorkizunean bada ere

Garazi Misiegok hezkuntza du ogibide, baina saskibaloia da bere pasioa. Txiki-txikitatik hasi zen kirol horretan, Altsasuko CBASK taldean, eta geroztik ez da geldirik egon, guztiz behintzat. 2018an jokatzeari utzi zion, bere betiko talde Ardoi saskibaloiaren gorenera gidatu ostean. Entrenatzaile gisa jarraitu zuen, baina ez luzaroan; semea izan zuen orain bizpahiru urte, eta hori ere utzi egin zuen. Ez halabeharrez, semeaz gozatzeko denbora gehiago nahi zuelako baizik. Ordea, "Kit kat" batean dagoela esan du, ez du puntu eta bereiz egin. Jokatzera ez baina entrenatzera noizbait itzuliko dela baieztatu du.

Altsasun eman zenituen lehen boteak.
13 urtera arte Altsasuko CBASK taldean ibili nintzen, junior taldean. Ondoren, Zizurretik deitu zidaten, Ardoi klubera joan nahi nuen ala ez, eta bertan eman nion jarraipena nire karrerari. Talde horretan aritu naiz. 

Herrietako talde txikiak izan ohi dira  harrobi hoberenak.
Hala da. Nafarroa txikia da, eta klub handiek inguruan dituzten talde txikiei erreparatzen diete, jokalari onen bila. 

Nafarroako selekzioa entrenatzera iritsi zinen.
Txikiekin hasi nintzen, mini mailakoekin, bigarren entrenatzaile gisa. Tarte bat hartu nuen, eta emakumezkoen infantil mailan entrenatzeko eskatu zidaten ondoren. Horiek bi urtez entrenatu ostean, lehen entrenatzailea izan nintzen, beste bi urtez. 

Ardoi taldearekin garaipen handiak eskuratu dituzu.
Kapitaina izan nintzen, eta Nafarroako talde hoberena izatera iritsi ginen. Gainera, emakumeen bigarren ligara igotzea lortu genuen. Historikoa izan zen. 

Duela bost urte jokatzeari utzi zenion, baita entrenatzaile izateari ere. Zer dela eta?
Bigarren mailara igo ginenean, inflexio puntu bat izan zen niretzat. Erroka handi bat lortu genuen, eta erretiroa hartzeko ordua zela ikusi nuen. Halaber, belauna bi aldiz hautsi nuen, eta lesioaren eragina astuna zen. Entrenatzaile gisa jarraituko nuela erabaki nuen. Hiru urtez aritu nintzen. Semea izan nuen orduan, eta entrenatzailea izateari ere utzi egin nion. 

Entrenatzaile gisa aritzeko konpromiso handia behar da, eta ordu asko sartu. Entrenatzeaz gain, hamaika gauza egin behar izaten nituen etxera iristean: beste taldeen partidak ikusi, analisiak egin, txostenak, bideoak… argi nuen nire semea izanen zela lehentasuna, berarekin denbora pasatu nahi nuela, hazten ikusi. Ordutik, stand by moduko egoera batean nago.

Geroz eta agerikoagoa den arazoa da kontziliazioarena, batez ere emakumeen artean. Zein izanen litzake konponbidea?
Bai. Azkenean, nire lanpostuari bezainbeste ordu eskaintzen nizkion saskibaloiari. Balantzan jarri behar da hori. Izan ere, entrenatzaileek ez dute kobratzen; gizonezkoen lehen mailan aritzen direnek soilik ateratzen dute bizimodua. Talde xumeek, esaterako, ezin dute entrenatzailea ordaindu, horrek kuoten igoera ekarriko lukeelako, eta, ondorioz, jendeak ez luke izena emanen talde horietan. Sorgin-gurpila da.

Ez dakit konpondu litekeen ere. Hutsunea dago hor. Dena den, semearekin egon nahi nuelako erabaki nuen hori, eta ez arrazoi ekonomikoengatik.

Halere, ez duzu saskibaloi mundua guztiz utzi. Play Your Best teknifikazio campusean aritu zara berriki. Nolakoa izan da esperientzia?
Noizean behin halako gauzatxoak egiten ditut; saskibaloia utzi izanaren arantza kentzen dut horrela. Ekainaren 26tik 30era egin genuen. Maria Asurmendi jokalariak antolatzen du, eta aurtengoa bigarren edizioa izan da. Gainerako campusen bestelakoa da: entrenamendu teknikoak prestatzen dira, jokalari bakoitzak duen mailari erreparatuta, adinari so egin beharrean. Mugimenduak nola hobetu, izan beharreko jarrera azaldu, akatsak zuzendu… Jokalari profesionalak ere etorri dira, aholkuak eta abar ematera. Hamaiketakoa ere ez da edonolakoa; dieta osasuntsuaren alde egiten du campusak. 

Pozik al zaude Ardoik egin duen denboraldiarekin?
Denboraldi ona egin dute, eta datorrenean ere ondo ariko direla uste dut. Oso jokalari onak ekarri dituzte, hala nola, Maria Asurmendi. Eskarmentu handia dauka, eta talde handien aurka lehiatu da, Araskinetik baitator. Jokalari oso interesgarria da. Basea da bera, eta ikusiko dugu nola plazaratzen duen esperientzia hori.

Pentsatu duzu inoiz kantxara itzultzea?
Jokalari gisa ez, kontent nago egin dudanarekin. Entrenatzaile moduan baietz espero dut. Hainbat kluben deia jaso dut bizpahiru urte hauetan, baina oraingoz semea da lehentasuna. Ikusiko dugu aurrerago.

Zein da zure filosofia entrenatzaile gisa?
Honakoa esan izan diet beti taldekideei: azkar joan nahi baduzu, egizu bakarrik. Urrun Iritsi nahi baduzu, ordea, egizu taldearekin batera. Talde batean kide guztiak dira beharrezkoak, 5 minutuz jokatzen dutenak edo 30 minutuz aritzen direnak. Bakoitzak jakin behar du bere rola zein den. Helburua ere garbi izan behar da; behin hori barneraturik, taldea zurekin egon behar da, hiltzeraino. Talde txikietan, noski, disfrutatu eta kirolari katigatu behar zaizkio gazteak. 10 urteko haurra jolastu gabe uztea, esaterako, astakeria galanta da, egiten duen kirol hori utziko baitu.