Iker Galartza

"Etortzen dena ez da damutzen"

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Rubio Mendoza 2023ko ira. 12a, 14:30

Bost urteren ondoren, Sakanara itzuli da Gure Zirkua. Arbizun zazpi emanaldi eginen ditu, irailaren 8tik 16ra, Kattuka haur eskolaren belardian.

Soka finaren gainean itzulipurdika, pilotak gora eta behera jaurtiz, gorputzak bihurrituz, aurrean dituztenen barre algarak eraginez eta, batez ere, ongi pasatuz, 700 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte Gure Zirkuko artistek, Euskal Herriko hamaika herri, hiri eta auzo karpa gorri-horiaren pean magiaz zopatuz. Sei urte atzera sortu zuen Euskal Herriko lehen karpa ibiltaria Iker Galartza amezketarrak, "bihotz-bihotzetik". Ez zen samurra izan, baina apurka-apurka aitzindaria den proiektua osatu dutela dio, umiltasuna ardatz izanik. Arbizu izanen da hurrengo parada, eta Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak antolatuko duen Nafarroa Oinezen eskutik eginen du. Zazpi emanaldi eskainiko dituzte osotara, irailaren 8tik 16ra. Kattuka haur eskolaren belardian muntatu dute zirkua. Sarrerak Gure Zirkuaren webgunean eros daitezke jada. 

Gure Zirkuaren karpa Arbizun kokatuta dago. ANDONI IRAZUSTABERRENA

Gure Zirkuaren karpa Arbizun kokatuta dago. ANDONI IRAZUSTABERRENA

Seigarren denboraldia du aurtengoa Gure Zirkuak. Espero zenuten hainbesterainoko arrakasta?
Hainbesterainokoa.. ez dakit. Zintzoa banaiz, inor ez da sartzen halako mugida batean paseotxo bat ematearren, gure malabarista Ekainek dioen gisan. Asmoa zen, eta da, noski, Euskal Herrian zehar ibili eta bertan finkatzea. Oraindik ere eskaera asko ditugu, eskualde anitz haztatu ez baditugu ere, pandemiagatik nagusiki. Geroztik, luzatu egin ditugu birak, bost bat hilabetetik zortzira, hor nonbait. 

Normalean, Pazko astean hasi ohi ditugu emanaldiak. Aurten maiatzaren lehenean izan da. Azaroaren akaberan jasotzen ditugu oihalak, baina Eguberritako bereziak egiten ditugu, hilabeteko atsedenaldiaren ostean. 

Sakanara itzuli zarete bost urteren ondoren.
Urdinen izan ginen 2018an, Iñigo Aritza Ikastolak antolatu zuen Nafarroa Oinezen eskutik. Ezezagunagoak ginen orduan, eta astebetez aritu ginen. Orain, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolaren eskutik egin dugu, Arbizun. Bi asteburu betetzeko apustua egin dugu, zirkua muntatzea kostatu zaigunarekin gainera… Arbizu txikia da, baina Sakanako eta inguruko herritarrak etortzea espero dugu.

Zer aurkituko du ikusleak karpa barruan?
Magia sortzen da. Badakit topikoa dirudiela, baina ez dut uste oker nabilenik. Sarrerako tunelean sartu orduko, mundu magiko batean sartzen zara. Argiak, dekoratua, zuzeneko musika… etortzen dena ez da damutzen.

Aurtengo denboraldiak badu berezitasunik?
Aldaketa handia egin dugu, koxka handia igo dugu joan zen urtetik hona. Saiatzen ginen zirku klasiko baten estiloa jarraitzen. Konfort-zona horretatik irteten saiatu gara, emanaldiak, estetika… aldatuz. Finean, istorio bat kontatzen dugu, ez ditugu zirkuko numero klasikoak bata bestearen atzean itsasten, dena doa bilgarri baten barruan, emanaldiari zentzua emanez. 

Nola sortzen da zirku bat? 
Lan handia eginez, poliki-poliki. Zirku gehienak herentziazkoak dira, gurasoengandik seme-alabengana heldutakoak, edota izen handikoak…. Gurea afizioa da, zirkuzaleak gara. Baina profesionalki ogia ateratzeko gogotik egin behar da lan, arlo guztietan bezala, noski. Pailazogintzan ere bai, numero polit eta barregarri bat egin nahi baduzu lana mardula da, entseatu, entseatu eta entseatu, ez dago besterik. Ikusten dena gozagarria bada aurretik asko egin delako da; ikusten dena lardaskeria bada, lan eskasa egon da atzean.

Erabaki arriskatua izan zen?
Beti da arriskatua zer edo zer berria sortzea, ez duzulako erreferentziarik; atera daiteke ondo edo gaizki. Katalunian badute beren zirkua, Circ Cric, eta oso famatu egin ziren. Horixe izan zen gure erreferentzia gertukoena, baina gurean halakorik egiteak zaila zirudien. Ez da gure asmoa inoren erreferente izatea, baina bidea urratu dugu, bihar etorriko direnei aukerak zabalduz. 

Zein da zirkuak oinarri duen zutabe edo filosofia?
Elkarbizitza da gure masta zentrala, egunerokotasuna. Elkarrekin lo egin, gosaldu, afaldu… bizikidetzak ona izan behar du emaitza ona izan dadin. Talde anitza osatzen dugu, eta denak gara berdinak, inor ez da besteak baino gehiago. Ardatza umiltasuna da. Gerta daiteke emanaldiren batean urliak sandiak baino ikuskizun osoagoa izatea; apika, sandiak gehiago lagunduko du muntaketa lanetan, esaterako. Egiten dugun lana ere orekatua izan dadin saiatzen gara. Halaber, gure kabuz egiten dugu muntaketa eta desmuntatzea, ez dugu kanpoko norbait kontratatzen. Baliteke Arbizukoa guztiz horrela ez izatea, herri osoa hurbildu baitzaigu laguntzera. Eskertzekoa benetan.   

Sarrerako tunelean sartu orduko mundu magiko batean murgiltzen zara

Gaur gaurkoz, nork osatzen duzue lantaldea?
Akrobazia lanetan, Lander Briones, Nora Galartza, Beñat Maiz, Iraitz Lizarraga eta Ortzi Acosta dabiltza. Elene Galartza da gure trapezista, eta, Iñaki Galartza, ekilibrista. Ekain Ibargurenek jaurtitzen ditu malabarrak, pailazoa da eta gorputza bihurrituz artea egiten du Lur Aranburu kontorsionistak. Magoa ere badugu, noski: Imanol Ituño. Azkenik, Joseba Usabiaga eta biok gara pailazo eta aurkezleak. Zuzeneko musika jotzen dute Ibon Mendibilek eta Unai Zabaletak. Teknikoek, sarrerako langileek, krispeta saltzaileek... osatzen dute lan taldea. Gure seme-alabak ere badabiltza hor eta hemen, gauzatxoak eginez. 

Dena egiten duzue elkarrekin eta elkarrentzako.
Bai, familia gara. Egunaren 24 orduak batera ematen ditugu. Bakoitzaren arazoak guztionak dira, eta dena konpartitzen dugu. Zoragarria da. Nork bere sendia du, baina denok batzen gaituen familia da Gure Zirkua. 

Iñaki Odriozola Mokolorekin hasi zinen jardunean, eta bikote artistikoa osatu zenuten. 
Oso gazterik hasi ginen 17 urterekin. Edonon antzeztuko zuketen bi pailazo hasiberri ginen: eskoletan, ganbaretan, elizetan, antzoki dotoreetan… hamaika tokitan egin ditugu hamaika emanaldi. Egun, bestelakoa da proposamena. Kalean jarraitzen dugu, noski, baina formatu desberdin batekin, Gure Zirkuarekin. 

Marratxoa zeharkatzeko aukera ematen dit Poxpolok

Harekin sortu zenuen Poxpolo, Gure Zirkuan segida izan duen alter egoa. Zer ematen dizu pertsonaiak?
Sudur gorria eta izena. Horiekin nahikoa dut Iker Galartzak esanen ez lituzkeen gauzak esan ahal izateko. Marratxoa zeharkatzeko aukera ematen dit Poxpolok.

Badu berezitasunik zirku tradizional batekin alderatuz?
Ez nuke jakinen esaten. Zirku bat zirku bat da, bakoitza bere estilo, hizkuntza eta abarrekin. Gure diferentzia hizkuntza da, ez dela halakorik euskaraz.

Zirkuaren kontzeptua birpentsatu duzue.
Bai, tira… garaikideagoak izaten saiatzen gara, baina beste konpainia batzuk ere saiatu dira garai berrietara moldatzen. Zirku polit eta txukunak daude, gauza zoragarriak egiten dituztenak.

Aurreiritzi asko ditu zirkuak?
Asko aldatu dira gauzak. Zirku batean pentsatzean berehala datorkigu 1920. hamarkadako karpa klasiko bat, animalia exotiko eta guzti. Kontua da, ordea, egungo zirkuak ez duela zerikusirik horrekin. Are gehiago, imajinario hori guztia okerra da. Animalia exotikoen "erabilera” 60 eta 70. hamarkadetan sartu zen, animalien trafikoa hasi zenetik. Nahiko berria da hori. Hiruzpalau hamarkada iraun ditu horrek, zirkuaren irudia lausotuz. Lehenago ez zen hala izan, eta aurrerantzean ez da gehiago izanen.

Aurreiritziek trabak sortu dizkizuete? 
Bai. Oraindik ere animaliekin eta zikinkeriarekin lotzen da zirkua, eta leku askotan bizilagunak deseroso sentitu dira etxe aurrean halakorik edukitzeagatik. Dena den, berehala konturatzen dira ez dela horrela; dena dela gozamena, alaitasuna eta txukuntasuna.

Zirkua soilik haurrendako den mantra  hautsi duzue?
Bai, horretan egin dugu lan bereziki. Askotan tentazioa izaten da ordea, zirkuak ere txikienei zuzentzeko mania izan baitu, bereziki telebista sortu zenetik. Espinete, Don Pinpon… umeak erakartzeko egiten da. Guk argi genuen haurrak ez genituela panpina bat ateraz erakarriko, egiten dakiguna eginez baizik, eta, noski, helduek ere gozatzeko moduko edukia sortuz. Mundu guztia etor dadila gu ikustera.

Hain zuzen ere, haurrendako zirku ikastaroak ere egin dituzue.
Haurrek berek eskatzen digute. Tailerrak egiten ditugu alde guztietatik, jakinda haurren garapenerako ere oso onuragarria dela. Psikomotrizitatea lantzen da, autoestimua…  

Artista lokalen aldeko apustua sendoa da.
Hala da. Eta ez dira gehiegi ere. Aniztasuna da gure helburua, baita ikuskizunean ere, baina ez da erraza. Kontortsionistak bizpahiru egonen dira Euskal Herrian, eta horietako bat dugu gurekin. Hiru pilotarekin malabarrak egiten dituztenak egonen dira, ziur, baina Ekainek bezala 7 airera jaurtitzen dituztenak… Gertatu izan zaigu langileetako bat lesionatzea. Zorionez, beti izan dugu pertsona ikaragarrien laguntza. Valeria, esaterako, hilabete eta erdiz egon zen gurekin. Argentinarra da bera, eta asko ikasi genuen berarengandik, beste ikuspuntu bat zuen. Uda honetan ere, gure lankideetako baten lagun Jalton brasildarra izan dugu gurean, Circ du Soleil-en ariturikoa, eta asko irakatsi digu. Zirkua nazioartekoa da, ezin dugu ahaztu, eta edonork erakutsi dakioke edonori.

Euskal Herriko mugak zeharkatzea pentsatu duzue inoiz? 
Mundiala izanen litzateke. Euskaldunak mundu guztian zehar barreiaturik gaude; pentsa Argentinara edo Idahora joanen bagina... Bertsolariak, trikitilariak… euskal kulturako diziplina askotako jendea askotan joaten da hara. Zergatik ez gu joan? Hitz potoloak dira, baina... Egunen batean posible balitz, ez dugu zalantzarik eginen.

Adin guztietako jendea hurbildu daiteke gu ikustera

Euskal kultura ere bada zuen ardatzetako bat.
Euskal kultura sustatzeko modu bat da Gure Zirkua. Hizkuntza, abestiak, hitz jokoak, musika… Nork esanen liguke zirku-ikuskizun batean errezitatuko genituenik Bernart Etxepareren olerkiak. Oso gureak diren gauzak lantzen ditugu.

Zer nolako balantzea egiten duzu? 
Hainbeste urteren ondoren, garrantzitsuena da hasierako inozentzia puntu hori galdu ez dugula. Ezjakintasun hutsetik salto ausarta egin genuen, eta jendearen babesa ikaragarria izan zen; horrek gogorarazten digu egunero-egunero oinak lurrean eduki behar ditugula. Ezin dugu hasierako ilusio eta umiltasun hori galdu. Dena ez da urre kolorekoa, noski. Batzuetan kosta egiten da. Ez da berdina Amezketan edo Ezkerraldean aritzea. Maulen egon gara berriki, eta Tafallan izanen gara aurki. Herria, baina, horrela egiten da. Dena eskura edukiko bagenu ez ginateke hain ondo ariko agian. Hor jarri dugu gogoa: euskaraz ez dakien jendea ere gerturatzea nahi dugu, hizkuntzaz maitemindu dadin, momentu dibertigarri eta polit bat pasaz. 700 emanaldi baino gehiago egin ditugu jada.

Luzaroan izanen dugu Gure Zirkua?
Geratzeko etorri da. Gorabeherak izanen ditugu, ziur naiz, garai oparoagoak eta urriagoak. Baina Gure Zirkuak martxan jarri ditu gurpilak, eta aitzindaria izan da horretan. Beste proiektu asko sortuko dira, eta gu erretiroa hartuta joanen gara ondorengoek zer egiten duten ikustera. Horregatik da Gure Zirkua, gurea izan dadin eta guretzat hemen gera dadin.