Moda etxe handien atzean diseinatzaile onenen izenak daude. Beren moda etxeen arrakastaren atzean dauden jeinuak dira, marken buruan egon direnak, euren talentuaren dosi handiak injektatzeko.
Oraingoan, gertuko batez hitz eginen dugu. Cristobal Balenciaga Eizagirre Getarian jaio zen 1895. urtean, familia umil eta katoliko batean. Bost anai-arreba ziren, bera gazteena. Ama jostuna eta aita arrantzalea, txikitatik jostun ogibidean aritzea izan zen bere ametsa eta orduak igarotzen zituen zirriborroak marraztuz eta, jostorratza eskuan, garaiko diseinuak imitatzen, hasieran bere amaren laguntzaz.
1907an Donostiako New England izeneko jostundegian lanean hasi zen, 13 urte besterik ez zituela. Getarian udak pasatzen zituen, Belgikako erregina Fabiola izango zenaren amaren etxean. Hau hunkituta gertatu zen gaztetxoak moda ikasteko zuen grinaz eta erronka berezia egin zion: bere soineko baten oihala eman zion eta hura kopiatu behar zuen, bere trebezia erakuts zezan. Emaitzak erabat liluratu zuen markesa eta ordutik aurrera bere mezenasa izan zen.
Joskintzan trebakuntza lortu ondoren Donostiako Au Louvre izeneko dendan jostun gisa hasi zen lanean. 1917an Balenciagak bere denda ireki zuen Donostian. Urtean bitan Parisera joaten zen, otsailean eta abuztuan, eta etxe ezagunetako arropa erosten zuen, ondoren Donostiako bezeroei aurkezteko. 1918an “Balenciaga y Compañía” sortu zuen, Benita eta Daniela Lizasoainen diru ekarpenarekin. Elkarteak sei urte iraun zuen eta arrakasta handiko garaia izan zen.
Balenciagak familiaren aldetik laguntza asko jaso zuen. Bere ama berarekin bizi zen Donostian, baita bere arreba Agustina ere, jostuna. 1919an bere anaia Juan gehitu zitzaien enpresaren kudeaketaz arduratzeko. 20ko hamarkada oso oparoa izan zen. 1927an bigarren denda ireki zuen Donostian. Espainiar monarkiak eta aristokraziak oso gogoko zituen bere diseinuak, baina espainiar gerra zibila hasi zenean bere dendak itxi behar izan zituen eta Parisera joan zen bizitzera.
Bi urte geroago, sorbalda erorien lerro berritzailea aurkeztu zuen, gerri pintzaduna eta aldaka biribilak erakusten zituena. 50. hamarkadan lortuko zuen arrakasta gehiena eta bere sormenak ospe handia lortu zuen. Urte batzuk geroago, emakumearen silueta berria sortu zuen: zaku soineko abangoardista, hiru laurdeneko mahuka, baloi gonak, gerri altuak, eta hain famatuak bilakatuko ziren euritako gardenak. Hauek guztiak, botoi handiekin apaindurik.
1972ko martxoaren 24an, Carmen Martinez Bordiúren eta Cadizko dukearen ezkontzarako soinekoa egin ondoren hil zen Xabean (Alacant). Balenciaga etxeak aurrera jarraitu zuen, lurringintzan eta osagaietan bereziki. Kolaboratzaileen artean gero bere etxe propioak sortuko zituzten Andrbané Courréges, Emanuel Ungaro, Paco Rabanne edo Hubert Givenchy zeuden.
2011ko ekainaren 7an Getarian Balenciagari eskainitako Cristobal Balenciaga museoa mustu zuten. Hura bisitatzea gomendatuko nizueke.