Aurrekoan egin genuen moduan, aste honetan ere diseinatzaile famatuei buruz hitz eginen dugu. Gabrielle Bonheur Chanel-i buruz, alegia, Coco Chanel izenarekin ezagunagoa. Moda diseinatzaile aurrerakoia izan zen, iraultzailea eta nortasun berezikoa; emakume honek goitik behera aldatu zuen modaren mundua.
Coco Chanel Frantzian jaio zen 1883. urtean, familia umil batean; ama etxeko lanetan aritzen zen eta aita saltzaile ibiltaria zen. 1985ean tuberkulosiak ama gabe utzi zituen bera eta bere anai-arrebak eta aitak ez zuen ezer jakin nahi izan. Bera eta bere lau anai-arrebak umezurztegira bidali zituzten beren izebek. Haurtzaro gogorra eta behartsua izan zuten. Hori dela eta, bakardadeak markatu zuen Cocoren bizitza.
Lehen Mundu Gerran nabarmendu zen Belle Époque-ren dotorezia oparo eta ez oso praktikoarekin haustura bat eragin zuen, arropa informal, sinple eta erosoaren lerro bat sortuz. Poltsak, lurrinak, bitxiak eta kapelak ere diseinatu zituen. Bere Chanel Nº5 lurrina mundu osoan ezaguna den produktu ikonikoa da.
1914ko ekainean, Lehen Mundu Gerra piztean, Coco konturatu zen arropak askoz ere funtzionalagoa izan behar zuela. Lehenik eta behin, kortsea kentzea erabaki zuen, emakumeei mugimendu askatasun handiagoa emateko. Bi urte geroago puntua bere bildumetan sartzen hasi zen; goi mailako joskintzarako inork erabili ez zuen ehuna zen. Puntuz egindako jertseak atera zituen bere bilduman, gizonezkoentzako zirudien jantzia emakumezkoentzat izan zen lehen aldiz.
Bere bizitza profesionala anbizio eta bizitasun sendoagatik ezaguna izan zen. 1910eko hamarkadan, arrakasta lortu zuen enpresaburu gisa, eta horrekin batera arrakasta soziala ere. Bere lehiakortasun eta nortasun oportunistak erabaki eztabaidagarriak hartzera eraman zuten, bere izena kaltetu zutenak, bereziki Gestapo-rekin izandako lankidetzarekin.
20ko hamarkadan Frantziako modaren dama handi bihurtu zen eta ondoren, haren eragina ia esparru guztietan hedatu zen: ile motzetik lurrinetaraino, zapatetatik eta osagarrietatik pasatuz. Zentzu batean bera izan zen bere sinaduraren eredu nagusia: argala, bular gutxikoa eta ile motzekoa.
Bigarren Mundu Gerra hastean konturatu zen garaiak aldatu zirela eta arropak funtzionalagoa izan behar zuela, beraz, arropa zabalagoa eta erosoagoa erabili eta diseinatu zuen. Chanelen irudia milioika emakumek miretsi eta imitatu zuten, emakume moderno, aktibo eta askatasunaren sinbolo bihurtu zen.
Bere berrikuntzak are urrunago joan ziren; gonen luzera laburtzera eta emakumezkoen orkatila erakustera ausartu ez ezik, bere burua eguzkitan jartzeko ausardia izan zuen, garai hartan beltzarana izatea sinbolo izan arren.