Aurreko astean, gure egun ofiziala ospatu genuen, Emakumeen Eguna, hain zuzen ere. Hori dela eta, eta aurreko aleetan jorratutako gaiarekin jarraituz, oraingoan emakume transgresore bati buruz hitz egin nahi dut. Zehazki, minigona asmatu zuen emakumeaz: Mary Quant.
Londresen jaio zen, 1934ko otsailean, eta bere izenak 1960ko hamarkadan arrakasta lortu zuen mundu osoan. Gazteentzako moda informala egiten zuen, eta bere diseinuak munduko toki askotara zabaldu ziren. Bere estiloa xumea eta koloretsua zen; margaritaren sinboloa zen bere zigilu nagusia.
Baina Mary Quant ezaguna izan bada, 34 zentimetroengatik izan da. 60ko hamarkadan Ingalaterrako gizartea irauli zuen. Minigona sortu zuen, emakumeen askapen sinbolo bihurtuz eta haiendako inposatutako janzkera hausten zuen estilo berri bat sortuz.
Bi irakasleren alaba zen, eta gurasoek ez zioten moda ikasten utzi izan. Ilustrazioa ikasi zuen Goldsmith-eko eskolan. Alexander Plunket Greene senarrarekin elkartu zenean eta graduatu ondoren hasi zen bere karrera.
1955ean denda bat ireki zuen: Bazaar. Hasieran, beste diseinatzaile batzuen lanak saltzen zituen, estilo alaia zutenen lanak, kolore deigarriekin eta emakumeen prototipo berriekin. Hala ere, ondoren, gizarteak eskatzen zuen modernizaziora eta eskaeretara egokitzen ziren jantziak egitea erabaki zuen. Orduan minigona sortu zuen. Mini Cooper klasikotik hartu zuen izena. Minigonak guztiz hautsi zuen aurretik modan egindakoarekin.
Janzkeran, joera gazte eta errebelde gisa nagusitu zen. Quantek ordura arteko modaren munduko arau guztiak hautsi nahi zituen, eta arropa zurruna eta kontserbatzailea deuseztatu. Diseinatzaile autodidakta izan zen, Estatu Batuetako denda handiekin aliantzak egin zituen, eta arropa linea modernoak atera zituen. Gutxi gorabehera, zazpi milioi emakumek zuten haren jantzitegiko diseinuren bat.
70eko hamarkadan, edertasun produktuak eta dekorazio objektuak ere egin zituen. Bi autobiografia argitaratu zituen. Britaniar Inperioaren Ordena eta British Fashion Councilen Ospearen Hallaren Saria jaso zituen.