Valentino Clemente Ludovico Garavani izenarekin batailatua, 1932an jaio zen Vogheran, Lombardia, Italian. Eskolan zegoela jada modaz interesatzen hasi zen, izeba Rosaren eta Ernestina Salvadeo bertako diseinatzailearen ikasle zenean. 17 urte betetzean Parisera joan zen aita eta amaren laguntzarekin, bere afizioarekin jarraitzeko asmoz.
Argiaren hirian zegoela, Jean Dassey eta Guy Larocheren atelierretan lan egin ondoren, Italiara itzuli zen, baina oraingoan Erromara, eta Giancarlo Giammetti bazkidearekin bere marka sortu zuen. 1960an hasi zen markaren historia, Erroman bere lehen moda aretoa ireki zuenean. Hasieratik markak bere dotorezia eta estilo sofistikatua izan ditu ezaugarri.
Bere diseinu fin eta glamourosoak berehala erakarri zuen goi mailako gizartearen eta mundu osoko ospetsuen arreta, bere lerro garbiengatik, ebakidura akats gabeengatik eta luxuzko xehetasunengatik. Luxuaren sinonimo bihurtu zen.
1970eko hamarkadan bere izena nazioartera zabaldu zen. Londresen, Parisen eta Nueva Yorken denda ireki zuen. Liz Taylorrek askotan jantzi zituen bere lanak.
Janzkera ultra femeninoak, xehetasunez jositako sorkuntzak, begiztak, lumak, organza, plisatuak eta drapeatuak edo bolanteak dira Valentinoren sorkuntza definitzen duten ezaugarrietako batzuk. Zineman eta bere familiako emakumeengan inspiratuta zeuden, amaren dotoreziak eta bere familiako emakumezkoek ematen zioten balioa prestaketaren erritualei.
Zodiakoaren zeinuen zale porrokatua naizenez, zeinuek gure izaeraren ehuneko txikia izan arren, definitzen gaituztela pentsatzen dut. Bera Tauro denez, aisialdiaz asko gozatzen dute eta lanean oso zuzenak dira, hori bere lanetan islatzen da.
Ondo baino hobeto jakin du garaietara egokitzen. 60ko hamarkadatik hasi eta gaur egunera arte ospetsu handiek eraman dituzte bere jantziak. Z belaunaldiko pertsonaia asko izan dira bere sorkuntzak alfonbra gorrian erakutsi dituztenak, sormen askatasuna eta inklusioa oinarri hartuta. "Luxuzko sinadura batek inklusiboa izan behar du", bere ereduan geratuz gero, bere garrantzia moda munduan galtzen joanen da.