Bazterretik

Eguzkitik babestea

Erabiltzailearen aurpegia Irati Pellejero Marin 2024ko eka. 10a, 10:46

Gaurkoan modaren historia alde batera utziko dugu eta eguzkiaren arriskuaz hitz eginen dugu. Eguzkiaren irradiazioa oso garrantzitsua da D bitaminaren sintesian, beraz, kaltzioaren xurgapenean, baina aldi berean arriskutsua da oso. 

Hori dela eta, babestea beharrezkoa da. Erretzea ekiditeko eta beltzarantzea politago izan dadin, hona hemen aholku batzuk gure azala eta gure gorputza zaintzeko.  

Eguzkitan jarri baino lehen, azala esfoliatzea gomendatzen dute adituek, beltzarana iraunkorrago izan dadin eta uniformeago. Esfoliatzen ez bada, hildako larruazala lehenik belztu egiten da, eta azkarrago joaten da geruza hori askatzen denean. 

Lehenik eta behin, krema eguzkitan jarri baino 30 minutu lehenago jarri behar da. SPFak edo FPSak zer esan nahi duen jakin behar da; eguzki babesaren faktorea da eta kremetan lau zenbaki desberdin agertzen dira: 15, 30, 50 eta 50+. 

Zenbaki horiek multiplo bat dira, eta adierazten dute zenbat minututan jar zaitezkeen eguzkitan erredurarik jasan gabe, hau da, zenbat denboran babesten zaituen kremak UVB izpietatik. Minbiziaren aurkako elkarteak azaltzen duenez, SPF 15 duten eguzki-babesleek UVB izpien %93 inguru iragazten dute, 30 dutenek %97 inguru eta 50 dutenek %98. 

Momentua eta kantitatea ere garrantzitsua da. Aurpegian bi hatzetan sartzen dena bota behar da, eta gorputzean txupito edalontzi batean sartzen dena. Maiztasuna SPF-ren zenbakiaren arabera izan daiteke, baina bizpahiru ordutan errepikatu behar da. Kontuan hartu behar da, gure kremaren etekina uretan edo izerditan bagaude galdu egin daitekeela. 

Oso garrantzitsua, krema ez dugu bakarrik udaran erabili behar, neguan ere behar barrezkoa da, minbizitik babesteaz gain, zimurrak eta orbanak babesten lagunduko dizu, eta aurpegiari hidratazioa emango dio. 

Oso garrantzitsua da hidratatzea eguzkia hartu ostean; horregatik, ezin da ahaztu AFTER SUNa erabiltzea. Erre ez bagara ere, hidratazioa berreskuratzeko eta beltzarantzea mantentzeko erabili behar da.