bazterretik

Kosmetikako printzipio aktiboak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Pellejero Marin

Printzipio aktiboen hariarekin jarraituz, oraingoan beste batzuk azalduko ditut.

Azido glikolikoa: Alfa hidroxiazido bat da. Larruazaleko geruza sakonetara iristeko gaitasuna du, modu oso eraginkorrean esfoliatzen du larruazala, zelula hilak kenduz eta larruazal leunagoa lortuz. Funtzioak: ezin hobea da aknea, orban ilunak, eguzki kalteak eta zimurrak bezalako arazoak tratatzeko. Esfoliatzaile kimiko gisa jarduten du, zelula hilak ezabatuz. Zelulak bizkortu eta larruazal uniformeagoa sustatzen du. Gainera, kolagenoaren ekoizpena estimulatzen laguntzen du, elastikotasuna hobetuz eta adierazpen lerroen agerpena murriztuz.

Azido hialuronikoa: Gure azalean modu naturalean dago. Kolageno eta elastinaren zuntzen arteko tartea betetzen dute dermisean, eta irmotasunari eusten diote. Bere propietate higroskopikoengatik, hezetasuna xurgatzen du eta larruazalari hidratazioa ematen dio. Funtzioak: pisuaren arabera funtzio ezberdinak betetzen ditu. Pisu molekular handikoek ezin dute epidermisa gainditu, larruazalaren gainazalean geratzen dira eta hesi gisa jokatzen dute, hidratazioa hobetzeko. Pisu molekular txikikoa dermisera iristeko gai da, lifting efektua eragiten du, larruazalaren zimurtasuna gutxitu, eta kolagenoa eta elastina sortzea sustatzen du.

Azido I-Askorbikoa edo C bitamina: Kolokialki C bitamina bezala ezagutzen dugu. Gure goizeko errutinatan erabiltzeko oso aproposa da, erradikal libreetatik babesten gaituelako. Elastina eta kolagenoaren sorkuntza estimulatzen laguntzen du baita ere. Funtzioak: erradikal askeak eta oxidazio estresa neutralizatzen laguntzen du, bi faktore horiek larruazalean hainbat ondorio sortzen dituelako: zimurrak agertzea, eta azala koloregabetzea edo distentsioa. Produktu honi esker zahartze goiztiarra prebenitzen dugu, bizitasuna eta distira ematen diogu gure azalari, egunetik egunera despigmentazioa murriztuz.