bazterretik

OPARIAK

Erabiltzailearen aurpegia Irati Pellejero Marin 2025eko abenduaren 8a

Gabonak ate joka ditugu eta honekin batera zalantza asko oparien inguruan. Hori dela eta ideia batzuk emanen dizkizuet:

20 euro edo gutxiago: Lehenengo honetarako, eskuz eta 0 kilometroan egindako lanaren alde egingo dut. Duela gutxi Instagramen saltseatzen ari nintzela loreekin egindako bitxi politak ikusi nituen, sorpresarako Altsasukoa da “gnbresinart”.

0 Kilometroan jarraituz, oraingoan gizonezkoengan ere gogoratu naiz, adibidez MLMutilak galtzerdi oso politak ditu, fantasiazkoak eta kalitate paregabearekin.

30 euro edo gutxiago: Klasikoetara joko dut, pijama, gauza sinple bat dirudien arren, opari gisa jasotzen duenak ongizaterako gonbidapena jasotzen du, bere buruarengan pentsatzeko, errutinatik deskonektatzeko eta benetako atseden eta erosotasun uneekin konektatzeko.

40 euro edo gutxiago: Gaur egun herritar gehienek kirola egiten dutela esango nuke, eta askotan ez zaigu gustatzen kalitatezko kamisetetan inbertitzea, besteek tarte baterako paper bera egiten dutela sinetsita. Baina ez da horrela, kalitatezkoak erabilpen gehiago edukiko ditu eta izerdi usaia ez da hain desatsegina izaten, gainera garbitzerakoan ere hobe geratzen dira.

50 euro edo gutxiago: Momentutxotara joanen gara, denok dugu lagun edo familiar hori, beti azazkal perfektuak daramatzana eta hutsik egin gabe hilabetez hilabete estetika zentrora joaten dena. Baina horrek ez du esan nahi ezin diozula zuk zita bat oparitu, horrek pertsonagan arreta duzula erakusten du.

60 euro edo gutxiago: Masajetxo bat, hau ziur mundu guztiak eskertuko dizula, erlaxatzeko edo minak arintzeko.

70 euro edo gutxiago: Kosmetikazale ona naizenez, asko gustatzen zait hau oparitzea, gainera uste dut behar bati erantzuten diola. Hiru produktu daude mundu guztiak erabili behar dituenak: garbitzaile bat, krema eta eguzkitako krema. Ongi izatearen apustua beti aukera ona da.

80 euro edo gutxiago: Sakanan estetika zentro dezente ditugu eta denak aurpegi garbitasun zerbitzua eskaintzen dute. Zalantzarik gabe edozein azalek hau behar du eta gainera oso atsegina da.

90 euro edo gutxiago: Beroki bat, mundu guztiak behar du, esate baterako MLMutilaken dendan aukera paregabeak eskaintzen ditu.

100 euro edo gutxiago: Denbora da denetan oparirik politena, beraz bazkari batera norbait gonbidatzea, beti ongi etorria izanen da.