Bazterretik

ZETAK, moldeak apurtzen

Erabiltzailearen aurpegia Irati Pellejero Marin 2026ko uztailaren 27a

Oraingoan etxeko pertsona edo talde bati buruz idaztea gustatuko litzaidake. Etxekoa da, baina gaur egun Euskal Herriko pertsona famatuenetariko bat da Pello Reparaz, Zetak taldearen ahotsa eta burua.

Urte askoan Euskal musikan estilismoak protagonismo oso gutxi izan du. Abestiak, letrak eta zuzenekoa ziren garrantzitsuenak, estilismoak ez zuen interesik pizten eta gizonetan gutxiago oraindik.

Horregatik da hain interesgarria Pellok Bilbon eman zuen azken kontzertuan eskainitako proposamena, irudia lengoaia artistikoaren parte ere izan daitekeela erakutsi baitu. Janzkera zaindua, ausarta eta estereotipo maskulino tradizionalenetatik urrundu da, eta horrek beste dimentsio bat ematen dio.

Kontua ez da modu batera edo bestera janztea, baizik eta azalaraztea arropak ere komunikatzen duela, artista bat askatasun estetiko osoz igo ahal izatea eszenatoki batera, gizon batengandik espero denagatik mugatuta sentitu gabe, gizartea ere aldatzen dela erakusten du.

Gure herriko bizilaguna izanik, nolabaiteko poza ematen du hain hurbileko norbaitek irudi maskulinoaren ikuspegi irekiago eta sortzaileagoa normalizatzen lagundu izana. Bere adibideak gazte asko animatu ditzake naturaltasunez adieraztera, etiketei beldurrik izan gabe eta nortasuna norberak daraman arroparen arabera neurtzen ez dela.

Agian beste leku batzuetan honek jada ez du harritzen, baina euskal musikaren esparruan pauso garrantzitsua da. Ez estilismoa guztiaren erdigune bihurtu behar delako, baizik eta kalitate musikalarekin ezin hobeto bizi daitekeelako, proiektu artistiko bat aberastu dezakeelako eta aniztasuna, askatasuna eta benekotasuna bezalako balioak transmititu ditzakeelako.

ZETAKek euskal musikaren soinua berritzen jakin du, baina baita bere irudia berritzen ere. Eta horrek errekonozimendua merezi du. Izan ere, artea ere bideak irekitzean eta sormenak arau zurrunez ulertzen ez duela erakustean datza. Artista batek moldeak hausten dituenean errespetuz, naturaltasunez eta nortasunez, ez du bere irudia bakarrik aldatzen: belaunaldi oso baten begirada zabaltzen laguntzen du.