Inon eta inoiz ez dira errazak izaten hasierak, eta aurreko egunetan ezinegona eta kezka izaten dira nagusi.
Nire kasuan, zutabe hau idatzi behar dudala, badaramat tarte bat bueltaka zeri buruz idatzi behar dudan erabakitzeko eta erabakia ez da erraza izan. Nire aurreko bizibideak ez du zerikusirik kazeta baten kolaboratzaile edo zutabegile izatearekin eta hortik datozkit kezka eta ezinegona. Dena den, une batez pentsatzera geldituta, hasiera honek, agian, badu uste baino antz handiagoa honen ezaguna zaidan hasierako ebaluazioarekin.
Garai berdinean egiten da, iraila-lastaila bitarte; ikasle / taldekide / zutabegile berriak ezagutu behar dira; arauak ezagutu; lanak proposatu / aurkeztu behar dira data jakinetarako… Badu antzekotasunik bai.
Irakaskuntzako hasiera hau irakaslearen aldetik ezagutzen dut bereziki, baina orain, ordenagailuaren aurrean jarrita nagoela, hasierako ebaluazioa pasatu behar duen ikasle bat sentitzen naiz. Ikasle bat hasiera hau gainditzeko publikoki lan bat argitaratu behar duena; bere taldekideen / zutabekideen mailak harritu duena eta non sartu den ongi ez dakiena; zuzentzeko irizpideak ezagutzen ez dituena baina froga gainditzeko itxaropena duena.
Hasierek eta akaberek ere ez dute zertan berdinak izan, baina ezin uka ongi hasteak bidea leuntzen duela.
Ikasturte akaberan ikusiko dugu adituen zutabegile honekiko erabakia zein den, mailaz igaro edo errepikatzera gelditu.
Bide batez, bakoitzari berea, aupa ikasleak eta irakasleak, garagarrila bitarte bide luze eta malkartsua duzue eta.