Astekoa

Aukera ezin hobea

2021ean egindako euskararen kale erabileraren neurketaren datuak aurreko lastailean jakitera eman ziren.

Laburbilduz, esan daiteke Sakanan aditzen diren kaleko elkarrizketen laurdena euskaraz izaten dela, baina batez besteko horrek ezin du ezkutatu tartean dauden berezitasunak, adibidez, Arbizuko eta Etxarriko neurketak non kaleko elkarrizketen %70 edo gehiago euskaraz direla islatzen diren eta beste, muturrean, Altsasuko eta Olaztikoak, non %7 agertzen diren.

Orain adituek aztertuko dituzte datuak eta  ondorioak eta plangintzak plazaratuko dituzte baina nabarmen gelditu da gauza bat dela euskararen ezagutza eta beste bat  erabilpena. Eta euskararen erabilpenean bakarrik euskaldunok eta euskalduntze bidean daudenek eragin dezakegu. Gure esku dago eta hori da onena, eraginkorrak izan nahi badugu, gure esku denari, hau da, euskaraz egiteari, ekiten badiogu datuok hobetuko ditugu, eta horretarako ez zaio inori ez baimenik eskatu beharrik ezta euskara gabekoei, adibidez, euskara ikas dezaten eskatu behar ere.

Ba hain justu, bihartik aurrera, aukera ezin hobea daukagu, erronka honi ekiteko Euskaraldian parte hartuz eta konpromiso publikoa hartuz euskaldunekin euskaraz egiteko eta euskalduntzeko bidean daudenekin poliki eta era ulergarrian egiteko.

Bi asteotan hizkuntza ohiturak aldatzen baditugu, nonbait, zailena hori baita, ziur handik aurrera, txapa kenduta ere, hizkuntza ohitura berriak mantentzeko gauza izanen garela. 

Horregatik ni beti Ahobizi, eta ezagutzen nautenek dakitenez, ez hitzontzi ezta, are gutxiago, belarrifin.