Astekoa

Crowdfunding

Berriki crowdfunding kanpaina batean murgilduta eta bultzatzaile aurkitu naiz.

Baina zer da crowdfundinga? Hasteko anglizismoa, baina azken finean, dirua biltzeko kanpaina. Kasu honetan, Josefina Arregui Klinikaren Eguneko Zentroa handitzeko eta berritzeko diruz laguntzeko Sakanako jendeari egiten zaion eskaera. Diru bilketa bat.

Eta zergatik crowdfundinga eta ez, zuzenean, diru bilketa? Azkenaldi honetan anglizismoak erabiltzeko joera gero eta handiagoa delako, mundu globalizatu honetan.

Ez naiz gauza esateko noiz hasiko zen joera hau, baina, agian lehenengo hitzetako bat "footing" izanen zen, edo, akaso, football edo stop. Eta ondoren, bata bestearen atzetik, gainontzeko guztiak etorri ziren. Footing, running, shoping, teleworking… Eta gero BEC edo BCC… Gaur egun ia ez dago lelorik edo kanpaina berririk anglizismo bat tartekatzen ez duenik.

Kontua da hitz horien guztien baliokideak hizkuntza guztietan daudela, baina ematen du ingelesez adierazita garrantzitsuagoak direla edo izenak izanak baino balio handiagoa duela.

Nik uste, teknologia arloan erabiltzen diren anglizismoak erabiltzea onargarria izan litekeela, azken finean, ingelesez sortzen baitira, hein handi batean, baina beste gauza guztiak adierazteko ez direla beharrezkoak eta hori egiteak gure hizkuntza pobretu egiten duela.

Hasierara itzulita, kanpainaren erdialdera iritsita, hobe crowdfundinga alde batera uzten badugu eta Josefina Arregui klinikaren Eguneko Zentroaren aldeko diru bilketarekin jarraitzen badugu, aurreikusitako helburuak ia lortzen diren, sakandar guztion mesederako da eta.