EITB erakundea Eusko Jaurlaritzak sortu zuen 1982an, euskara normalizatzeko helburuarekin. Erakundean, irratiekin batera sortu zen lehenengo telebista katea ETB1 izan zen, eta lau urte geroago
ETB 2. Ondoren beste kateak etorri ziren.
Gizartean, hizkuntzekin gertatu bezala, bi kate nagusien arteko oreka zaila izan da. Hasieran ETB1ek saio gogoangarri batzuei, kirolei eta marrazki bizidunei esker eusten zion, baina ETB2 poliki-poliki nagusitzen hasi zen, gaur egungo nagusitasunera iritsi arte.
Halako nagusitasunak hizkuntzen trataera baldintzatzen du, eta, honela, ETB2rako bakarrik sortutako saioa bada, grabazioa soilik gaztelaniaz egiten da, elkarrizketatuaren ama hizkuntzari jaramonik egin gabe.
Honen adibidea, duela gutxi, Lizarragabengoan grabatutako Historias a bocados telebista saioa. Saioaren aurkezlea eta elkarrizketatuak euskaldunak izan arren, saioa bere osotasunean gaztelaniaz grabatu zen, ETB2rako izateagatik.
Nik, erdaldun elebakarra jaio nintzela, normaltasun osoz onartzen ditut gaztelaniaz egindako telebista saioak eta oso gustura ikusi nuen aipatutakoa, baina bereziki mingarria egiten zait euskararen normalizatzeko helburuarekin sortutako erakundean euskaldunak gaztelaniaz egitera behartzea. Gainera, saioan kontatutako bizipenak eta gorabeherak, jatorrizko bertsioan, hau da, euskaraz, jasotzeko aukera lapurtu zidatela sentitzen dut.
Benetan helburua hizkuntzaren normalizazioa baldin bada, arau nagusitzat, ez al lukete jarri beharko bakoitzaren ama hizkuntza errespetatzea, edozein dela emititu beharreko telebista katea? Hau batzuetan egiten da, eta erraza da emititu baino lehenago grabatutako saioetan. Gutxieneko bat da.