Zerrendak egitea eguneroko gauza da. Zuzen edo oker egiteak bere ondorioak izaten ditu, normalean.
Batzuetan, etxeko gauzetarako da. Erosketa egiteko garaian edo bidaia batera eraman beharreko gauzak apuntatzea. Erosketaren kasuan zerbait ahazten badugu, agian bigarren buelta eman behar dugu edo besterik gabe hurrengo baterako utzi. Baina bidaiaren kasuan larriagoa izan daiteke.
Zerrenda publikoa egiten dugunean, aldiz, normalean, hanka sartze galanta egiten dugu eta hor betiko geldituko da.
Pentsa liburu bat idatzi dugula eta, akaberan, esker onak emateko garaian laguntzaileren edo talderen bat aipatzea ahaztu zaigula. Barkaezina.
Horrelako zerbait gertatu da bukatu berri den hauteskundetarako kanpainan. Alderdi politiko nagusietako batek sekulako lana hartu du, gutxienez, Lodosako eta Bianako biztanleen ama hizkuntzak jasotzeko. Eta biztanleen botoa eskatzeko honako hizkuntzen zerrenda osatu dute: gaztelania, portugesa, ingelesa, arabiera, errumaniera, frantsesa, germaniera eta ukrainiera. Ziur ez dagoela txinatarrik? A… eta euskaldunik ere ez? Jakina baietz.
Orduan, zer gertatu da? Nahita edo ahaztuta? Eta zer esan nahi digute? Euskaldunon botorik ez dutela nahi edo gaztelania idatzia ere ulertzeko aparteko gaitasuna daukagun bakarrak garela? Ziurrenik, horretaz galdetuta erantzuna izan liteke: "ez hartu gaizki, euskaldun guztiok gaztelania ere ulertzen duzue". Bakarrak munduan.
Kazetaren antolaketa dela eta, zutabea hausnarketa egunean idazten ari naiz, beraz, ez dakit bozketen emaitzak nolakoak izan diren. Baina suposatzen dut aipatutako alderdiak Nafarroako lehendakaritza jasotzeko aukera handiak dituela.
Zer espero dezakegu euskaldunok Gobernu berritik? Ziurrenik gaitasun handikotzat hartuak izatea baina bigarren mailako bizilagunak izatera kondenatuak.