Astekoa

Oreka linguistikoa

Bada urtebete, gutxi gorabehera, gonbidapena jaso nuela kazeta honetan noizbehinka zutabea idazteko.

Erantzuna eman baino lehen, zalantzaz beteta, tarte bat hartu nuen pentsatzeko, eta azkenean, onartu.

Ez nekien zertaz idatziko nuen, ezta idazteko tartearekin moldatuko nintzen ere. “Irakaskuntzaz edo matematikaz idatzi beharko dut” pentsatu zuen.
Bada, lehenengo zutabean, neure buruaren nolabaiteko aurkezpena egin nuen, eta beste guztietan, batean izan ezik, zein Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat zetorren, Euskararekin, zeharka edo zuzenki, zer ikusirik zuten gaiak jorratzera behartuta sentitu naiz.

Sasoiko azken idazki honetarako ez nuen inolako asmorik berriz gai berbera plazaratzeko baina, ezinbestean, egin beharko dut.

Aurreko astean, Euskararen erabileraren eta normalizazioaren aldeko neurrien kontrako epai judizialen segidak beste kapitulu bat izan zuen. Kasu honetan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko udal legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen dien artikulua deuseztatu zuen, oreka linguistikoa argudiatuta.

Oreka linguistikoa. Ez naiz sartuko beste ondorioetan baina orekarena, hobeto esanda, desorekarena ongi ezagutzen dut.

Administrazioan urte luzez lan egin ondoren, esan dezaket, zalantza izpirik gabe, desoreka dela euskararen kalterako eta oreka eskaini behar dugunok, gurea bezalako eremu elebidunetan, saiatuta ere, eta hamaika buelta eman ondoren, nekez lortzen dugula oreka horretara hurbiltzea ere. Honetarako Konstituzionalak ez du epairik?

Akabo irakurleok, heldu den saioan ere hemen jarraituko dut eta gustura idatziko nuke beste gairen batez,  baina ez dakit utziko didaten. Opor onak izan.