Astekoa

Argazki bat

Aurreko egunean, ikasturte hasierarekin batera, argazki harrigarri bat zabaldu zen sare sozialetan. Bertan, Altsasuko Institutuko ezkaratzaren gaineko terrazan auto bat aparkatuta agertzen zen.

Jakina, irudia berehala zabaldu zen sare sozialetan eta mota guztietako iruzkinak egiteko aukera eman zuen, baita umorea baliatzeko ere.
Baina zein zen ekintza horren benetako asmoa? Helburua, beste behin, Altsasuko Institutuko ikasleak ikastetxera oinez edo bizikletaz bertaratzeko animatzeko zen, autoak bazter batean utzita, goiko terrazan aparkatuta. Beste urrats bat jasangarritasunaren eta mugikortasunaren bidean.

Gaur egun Altsasuko ikasleek jada ez dute bertaratzeko autobusik, eta oinez edo bizikletaz joatea da helburua, eta ez gurasoekin autoz.
Egia da, batzuetan, eguraldia lagun, errazagoa dela oinez edo bizikletaz joatea beste zenbaitetan baino. Baina ezin ezkuta sarbideek ere lagun behar dutela helburua lortzeko.

Gaur egun oinez joateko aparteko arazorik ez dago, ibilbidea nahiko ongi atonduta dagoelako. Baina bizikletaz joateko arazoak handiagoak dira. Bidegorria ezinbestekoa da.

Beste saiakera bat bidegorria lortzeko. Lehenago hainbat saiakera eginak baitira: badira urte batzuk ikastolarekin batera eta Dantzalekuko erabiltzaile diren  kirol taldeen sinadurekin udaletxean eskaria aurkeztu zela. Ondoren sinadura bilketa egin zen, eta bileraren bat edo beste udalarekin konponbidea eskatzeko.

Eskatutako bidegorriaren proiektua agian ez da erraza, baina bai guztiz beharrezkoa.

Nik uste, udalak ausardia beharko lukeela horrelako plangintzari ekiteko, eta egia bihurtu Altsasuko Institutuko asmoa eta leloa: bizikletari bide eta autoari aire!