Ezaguna da Hitler buru zuen Alemania naziak eragindako Holokaustoa, non 6 milioi judu inguru erail zituzten. Orduko hartan, arraza zen arrazoia naziek judurik jabeko Europa bat eraiki nahi izateko.
Handik gutxira, Palestina bitan banatzeko plana onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak: hebrear estatua batetik, eta arabiar estatua bestetik. Horrela sionismoaren helburua beteko zela uste zuten, alegia, Palestinan antisemitismotik libre bizi ahal izatea.
Hori gertatu zenetik, 80 urte beteko dira laster, eta urte hauetan guztietan, bertan ez da girorik egon. Liskarrak eta gerrak etengabeak izan dira, tartean bake saiakeraren bat izan delarik.
Kate horren azken katebegia orain ikusten ari gara. Hamasek egindako sarraskiari Israelek begia begi truk estrategia erabiliz erantzun nahi dio edo, hobeto esanda, Gazako biztanle guztiak zigortu edo akabatu nahi ditu horregatik. Beste Holokausto baten atarian gaudela esan liteke. Kasu honetan, lehenengoa sufritu zuenak eraginda.
Israelgo agintariek defentsa eskubidea aipatzen dute, baita purutasuna eta erlijioa ere. Eta ez hori bakarrik, baizik eta, arerioa desagerrarazi nahi dute. Esan eta egin, herri oso bat suntsitzeko ahalegin guztiak egiten ari dira; beste Holokausto bat, azken finean.
Bitartean, mendebaldeko agintariek gerraren alde egin dute, Ukrainian egin duten bezalaxe. Konponbidea da armak eta armak etengabe bidaltzea inolako bake saiakerarik gabe.
Gizakiok zein gaitasun eskasa daukagun atzera begiratzeko eta egindako akatsetatik ikasteko. Zenbat ume, haur, gazte, heldu eta zahar hil beharko dira hori ez dela bidea ulertzeko? Noiz ulertuko dugu indarra ez dela arrazoi? Noiz ulertuko dugu bortizkeria edota armak erabiliz garaipenak lor daitezkeela, baina bakea ez?
Bide honetatik jarraituta, antisemitismotik libre bizi beharrean, antisemitismoak gora eginen duela iruditzen zait, munduko judu guztien kalterako.