Hau da urteko azken alea eta azken kolaborazioa edo zutabea. Akabo urtea.
Normalean, halako egoeran, atzera begiratzeko joera izaten dugu, urtea nola joan den baloratzeko, eta heldu den urteari begira aldaketak edo hobekuntzak egiteko. Hedabideetan, behintzat, hala egiten dute, atzera begiratzearena, batez ere.
Munduan gauzak nola joan diren ikaragarria da. Ezer onik ez zait bururatzen, ziurrenik izan bada, baina ondokoekin alderatuta, huskeria.
Ikus dezagun. Ukrainaren eta Errusiaren artekoak bere horretan darrai, Israelek Gazako zerrendan eragindako erabateko suntsipena, Mediterraneoa afrikar askorendako hilobia, gizonezkoon emakumeen aurkako etengabeko zapalkuntza, munduan zeharreko eskuin muturraren geldiezinezko gorakada… Eta, okerrena: epe laburrean, hauek eta antzekoak bideratzeko girorik ez dagoela edo mirariren bat beharko genukeela.
Gutako gehienok ere miraria beharko genuke gaurko egunean, amestutako loteriaren sariarekin gure etorkizuna aldatzeko, jakina baita gehienok zerbait irabazi baino galdu eginen dugula eta osasuna opatzearekin konformatu beharko dugula.
Osasunarekin konforme, eta ez da gutxi. Eta konforme daude izen bereko futboleko lehenengo mailako euskal deitura duen talde bakarraren zaleak edo jarraitzaileak urte honetan edo, hobe esanda, aurreko denboraldiaren akaberan taldeak egin zuenarekin. Ez zen miraria izan, baina gertu gelditu zen. Eta miraria da talde honen zaleak edo jarraitzaileak osasuntsu izatea taldeak eragiten dituen muturreko bizipenengatik.
Mirariak mirari eta zaleon osasunagatik, gora Osasuna eta osasuna guztiondako.