Altsasuko Liburutegiaren 90. urtemuga den honetan irakurketaren onura batzuk aipatu nahi nituzke. Alde askotatik aipa daitezke, baina hemen batzuk: ulermena, arreta, hausnarketa, pentsaera kritikoa eta pertsonen memoria areagotzen du… besteak beste.
Memoria areagotu eta horretaz kontzientziatu, eta memoriaz ari garela niri memoria historikoa datorkit burura. Horrekin erlazionatutako hiru liburu zein une ezberdinetan iritsi zitzaizkidan, eta erabat harrapatu ninduten eta gertatutakoaz kontzientziatu.
Horietako lehenengoa Marino Ayerraren No me avergoncé del Evangelio da. Honek gazte garaian harrapatu ninduen. Gure etxean ez zen liburu askorik, ohikoa zen bezala, baina horien artean bazen bat guztiz higatuta zegoena, hamaika aldiz irakurria eta hartua balitz bezala. Gurasoek, halako batean, erabaki zuten bazela garaia haiek kontatu gabeko guztia guk jakiteko eta horretarako aipatutako liburua gure esku jarri zuten. Inpresioa ikaragarria izan zen eta gehiagorako jakin mina piztu zidan.
Harrezkero liburu historikoekin aparteko interesa izan dut, eta bidean beste liburu interesgarriak ere topatu ditut. Berriki beste bi liburuk harrapatu naute, alegia, Altsasu 1936 eta Los libros del maestro izenburu dutenek. Bietan, Altsasun eta Nafarroan, ikuspuntu ezberdinetatik eta guztiz elkarren osagarrietatik, urte haietan gertatukoa jorratzen da.
Hiru kasutan, urte luzez, beldurragatik, eragindako sufrimenduengatik, gorrotoa ez zabaltzeagatik edo dena delakoagatik, etxe askotan isildutako guztia, liburuen bitartez jakitera eman izan digute sekulan ahantz ez dakigun.
Bide batez, zorionak Altsasuko liburutegiari eta bertako arduradunei.