Azken hilabeteotan hamaika izan dira hedabideetan Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan jardunaldia jarraia, goizez bakarrik, edo etena, goiz eta arratsaldekoa, erabakitzeko Hezkuntza Departamentuak abiarazitako prozeduraren harira argitaratu diren iritzi artikuluak edo gutunak.
Kontua zera da: Hezkuntza Departamentuak erabaki du aipatutako ikas mailetan hemendik aurrerako jardunaldiak zatitua izan behar duela, baina orain arte jarraia zuten ikastetxeei aukera eman die horrela jarraitzeko baldintza batzuk betetzen baziren.
Baldintza bat zen ikastetxe bakoitzean erroldatutako gurasoen %60k gutxienez alde agertu behar zuela. Ez parte hartzen zutenen %60, baizik eta erroldatutakoak. Eta profesionalei ez inplikatzeko eskatu, neutraltasuna mantenduz. Harrigarria. Beste baldintza batzuk ere bazeuden, bakarrik, zenbait lekutan aplikatzen zirenak.
Prozedura pentsatua zegoen, ustez, jardunaldi jarraiaren aldeko erabakia zailtzeko eta, hala ere, baldintzak betetzen zituzten ikastetxeen %80an gurasoek erabaki dute jarraiarekin jarraitzeko; eta beste zenbaitetan ezin izan dute, boto gutxi batzuengatik edo tokian tokiko ezaugarri bereziengatik.
Nik uste erabakia, berez, Departamentuari dagokiola, beste antolaketa neurri ia guztiekin egiten duen bezala, eta erabakian irizpide pedagogikoak nagusi izan behar direla. Astirik izan du azken urteotan jardunaldi jarraiak ikasleen errendimenduan duen eragina baloratzeko eta horren arabera erabakia hartzeko.
Eragin negatiboa baldin badu, horrela azaldu behar du, eta ez dio inori aukerarik eman behar aldatzeko, eta ez badu edo eragina positiboa baldin badu, ez du zertan horrenbeste oztopo jarri eta hezkuntza komunitate osoaren esku utzi behar du erabakia.