Astekoa

Adostasuna

Martxoaren akaberan Jagobak iragarri zuen ez zuela jarraituko bere azken sei urteotan entrenatzaile izandako futbol taldean.
Ezin da esan ezustean izan zenik, baina inork gutxik aditu nahi zuen berria izan zen.

Hasiera batean, iritziz alda zezakeelakoan, geratzeko eskariak oihu ozen bihurtu ziren, eta Jagoba non zegoen, han eskaria. Handik gutxira, erabakiak atzera bueltarik ez zuela onartuta, eskaria bere horretan mantendu zen, kasu honetan, esker ona adierazteko izanik.

Gero, bere lana eta izaera goraipatzeko mezuak ugaritu egin ziren batere ohikoa ez den maila batean.

Esan daiteke erabateko adostasuna lortu duela bere irudiaren inguruan.

Arrazoi asko izan daitezke horretarako. Kirol aldetik, bere lorpenak ukaezinak dira, eta ez ditut hemen zerrendatuko  Zaleekin bat egitea lortu du jokalari guztien gainetik,  taldearen izar bihurtzeraino. Azken hau futbol profesionalean ia mirari bat da.

Baina niretako bere jardunak balio erantsi bat izan du. Euskal kultura, batez ere euskara eta bertsolaritza, naturaltasun osoz, plazaren erdigunean kokatu du. Non eta Osasunan eta Nafarroan, non batzuek,euskara Nafarroa konkistatzeko tresna besterik ez duten ikusi nahi, eta bertsoak existitzen ziren ere ez zekiten. Egoera horretan guztiek Jagobak zer esaten zuen jakitea desiratu izan dute; eta, bide batez, euskaldunoi, jai giroan eta ospakizunetan, jendearekin komunikatzeko eta mezuak helarazteko balio dutela gogora ekarri digu. Eta berak lortu du, eta inor gutxi ausartu da ozenki kritikatzera.

Nik uste, alde horretatik, kanpaina asko baina eraginkorragoa izan dela. Bejondeiola.

Orain badoa eta espero dezagun berak ereindakoak fruituak eman ditzala.