Akabo uda, eta horrekin batera turismorako garairik oparoenari ere agur esan beharko diogu.
Hemendik gutxira denboraldiaren datuak eta balorazioak argitaratuko dira; hotelen eta antzekoen betetze maila, batez beste egonaldiak zenbat egunetakoak izan diren, zenbateko gastua pertsona bakoitzeko…Estatistikak ongi daude, azken finean azterketak egiteko datuak behar dira eta horiek ukaezinak dira, baina ez dira parametro edo irizpide bakarrak.
Gaur egun, gure inguruan ia guztiok gara turista, une batean edo bestean, eta gehienok, leku jakin bat bisitatu baino lehenago, zer ikusi behar den, non bazkaldu daitekeen… kontsultatzen dugu. Horren ondorioz, leku turistikoen masifikazioa.
Masifikazio horri aurre egiteko leku batzuk ongi prestatuta daude, batez ere turismoa bizibide ia bakarra duten herrialdeak, nahiz eta masifikazioak ezer onik ez dakarren.
Baina beste zenbait lekutan ez da horrelakorik gertatzen, ez daude prestatuta edo ez dute nahi, eta izurrite honi nola aurre egin aztertzen ari dira. Betiere, turismoaren alde onak zaintzen, baina albo kalteak edo ondorioak alboratzen.
Albo kalteak ez dira nolanahikoak eta bertako biztanleek pairatzen dituzte; sektorean, normalean, lan baldintzak ez dira onenak; bizitzeko lekua aurkitzea ia miraria, dagoen apurra turismoarendako bideratzen delako; ohitura aldaketak, bertako kultura arriskuan jarri…
Honenbeste ahalegin guztiok turista izan gaitezen eta turistak erakartzeko, eta orain balazta sakatu nahian.
Nahiz eta orain turismo jasangarriaz eta beste zenbait estrategiaz hitz egin, ez dut uste honek atzera buelta errazik duenik.