Astekoa

Kontzientzia

Aurreko astean, autoan nindoala, irratia piztuta, tertulia interesgarri bat aditzen ari nintzen. Ez dakit abiapuntua zein zen, jada hasita aurkitu nuen eta, baina, klima aldaketaz ari ziren.

Bertan, Asteklima deitutako ekimenaz hitz egiten ari ziren. Hau Erkidegoan burutzen den eta beharrezko trantsizio energetikoa eta klimatikoaren inguruan euskal gizartea kontzientziatu eta mobilizatzeko helburu duen ekimena da. Aurten "Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da" lelopekoa.

Beste pertsona batek, hiriburuetan definitzen ari diren "isuri txikiko eremuak" aipatzen jarraitu zuen. Aipatutako eremuetan, data jakin batetik aurrera, bakarrik etiketa energetiko bat daukaten autoak sartuko dira, eta besteak ezin. Horretarako informazio kanpainak antolatu dituzte, baita neurria betearazteko baliabideak: kamerak nonahi, isunak noiz eta zenbatekoak izanen diren…

Horrekin buruan ari nintzela, errepidearen beste norabidean, penintsula osoa hutsik zeharkatua zuen autobus bat ikusi nuen, kolore deigarriz margotua jende guztiak ikus dezan. Lehenengo mailako futbol talde baten autobusa zen. Ibilbide osoa hutsik, gero futbolariak eta teknikoak hoteletik futbol zelaira eramateko, eta buelta etxera berriz ere hutsik. Eta hau talde guztiek egiten dute. Zein alferrikako gastua!

Hau nahi izanez gero futbol taldeen arteko akordio baten bidez konpon liteke, etxean jokatzen duen taldeak autobusa jarri, kortesiaz, kanpotik datorren futbol talderako. Baina horretarako kontzientzia minimo bat behar dugu; eta ez daukagu, eta dena ezin dugu isunen bidez bideratu.

Garbi dago ekintza txiki hauen bidez klima aldaketari badiogula eragitea, borondatea eta kontzientzia besterik ez dugu behar.