Astekoa

Osasuna (II)

Iaz, sasoi honetan, ataka berberean nengoen: urteko azken kolaborazioa prestatu behar nuela. Iazko zutabeari begiratuta, berdin berdin bidal nezakeen aurten berbera, urtearen nondik norakoa egin nuelako, eta onerako ezer gutxi aipatzeko aurkitu nuelako. Eta ez hori okerrena, baizik eta onerako aldatzeko oso aukera gutxi ikusten nuelako.

Orduko hartan, Ukrainia eta Errusia, Israel eta Gaza, Mediterraneoa batzuendako hilobi, gizonok emakumeen etsai, eskuin muturraren geldiezinezko gorakada… eta holakoak aipatzen nituen, eta berdin berdin adieraz dezaket, epe laburrean, onerako aldaketarik izateko aukerarik ez dela ikusten.

Hobera ezer gutxi egin dugu; baina ez naiz ezkorra edo igarotako edozein garai hobe izan dela pentsatzen dutenetako bat, kontrakoa baizik, nahiko pertsona baikorra; eta zerbait positiboaren bila abiatu naiz. Ea munduko erakundeek gaurkoz zer iragarria diguten.

Hara, gaur Giza Elkartasunaren Nazioarteko eguna da, elkartasuna herrien arteko lankidetza eta ongizaterako funtsezko balio unibertsal gisa sustatzeko helburuarekin. Zeinen garrantzitsua den herrien arteko lankidetza; eta are gehiago, honela adierazita, “herrien artekoa”, eta ez estatuen artekoa edo gobernuen artekoa, azken hauetan, beti, interesen bat edo beste tartekatzen da eta.

Gaur baita ere Eszeptizismoaren Munduko Eguna ospatzen da, Carl Sagan ikertzaile ezaguna omentzeko helburuz, bera eszeptizismo filosofikoaren dibulgatzailea izan baitzen, orain arte indarrean egon den doktrina.

Ez dakit ba, lehen baikorra nintzela adierazi dut baina orain, neurri berean, eszeptikoa ere naizela aitortu beharko. Nik uste, horri errealista esaten zaiola.

Tira, iaz bezala hasi naiz eta berdin bukatu beharko, osasuna opatzen. Esandakoa, gora Osasuna eta osasuna guztiondako.