Astekoa

Ezezaguna

Aljebra eragiketak eta erlazioak aztertzen dituen matematikaren atala da.

Oso era sinplean adierazita, zenbakiak eta hizkiak tartekatzen dituen adierazpenekin lan egitean datza. Zenbakiak kantitate ezagunak eta determinatuak adierazteko erabiltzen dira. Hizkiak, aldiz, mota guztietako kantitateak adierazteko, bai ezagunak nola ezezagunak. Kantitate ezagunak, alfabetoko lehenengo hizkiekin adierazten dira: a, b, c, d… Eta, ezezagunak, azkenekoekin: u, v, w, y, x eta z.

Azken hauen artean ospetsuena "x" da, ezezaguna deitzen dena, eta ekuazioetan kalkulatu beharreko kantitatea izaten dena.

Matematikaren ikasketen hastapenean lan gehien ematen duen hizkia izaten da, abstrakzio maila eskatzen duelako eta batzuendako mundu ulertezin bat azaltzen duelako edo gainditu ezinezko muga bat marrazten duelako, eta ikasketekin lehenengo arazoak sortzen ohi duelako.

Ikasleak sailkatzeraino eta bereizteraino iristen da: "zuk zientzietako ez duzu balio, beraz, bide horretatik segi eta zuk bai, segi zientzien bidetik". Tamalez, "x" ezezagunak jendea diskriminatu egiten du, ez nahita, baizik eta bere konplexutasunagatik.

Bada izendapen bereko beste egitura bat, gaur egun, oso-oso zabaldua eta ezaguna dena eta erabiltzeko inolako arazorik sorrarazten ez diguna, abstrakziorik eskatzen ez digulako edo mundu ulertezinik deskribatzen ez digulako, baina jendea askoz gehiago diskriminatzen duena, eskubideak ukatzen dituena eta helburu ilunak eta askorendako onartezinak direnak defendatzen dituelako.

Hori da, lehengo Twitter, Elon Muskek kudeatzen duenetik X bihurtu dena. Bai, aljebrako hizki ezezagun berbera, baina hau hizki larria, askoz kaltegarriagoa eta arriskutsua, aipatutako pertsonaia ahalguztidunak bere mezu eta ideologia ultraeskuindarra zabaltzeko erabiltzen duelako.

Hobe genuke Muskek X-ren bitartez zabaltzen dituen mezuak eta ideologiak Aljebrako "x" ezezagunaren mundu ulertezina balitz bezala hartuko bagenitu.