Astekoa

Kita

Erabiltzailearen aurpegia Javier Casteig Barandiaran

Duela gutxi Europar Batasunak, etxe guztietan, familiako kide guztiendako, larrialdi egoeran, 72 orduz bizirik mantentzeko biziraupen kita izateko aholkua eman zuen. Kitaren osagaiak zeintzuk izan behar ziren eta larrialdiak, klimatikoa, gerra edota ziber erasoak izan zitezkeela argitu zuen. Baita bideo tutoriala prestatu errazago ulertzeko ere, nonbait. Kitaren eredua, dirudienez, Europako iparraldetik hartu zuten, non nahiko normalizatua daukaten etxe guztietan.

Oharra nahiko harrigarri egin zitzaidan gizarte zibilera bideratua zegoelako eta ez estatuei. Gizarte zibilari dei egiten zion, edozein gauza gertatuta ere, lehenengo 72 orduz bizirauteko prest egon zedin, ordu horiek baitira erabateko kaosa eta erantzun ordenatuaren arteko aldea markatzen dutenak.

Lehenengo orduetan, agian, pixka bat larritu ginen baina gizarte honetan non berriak eta

fake-ak, bata bestearen atzetik eta sekulako abiadan sortzen diren, hurrengo 72 orduetan, gehienok ahaztuta.

Kasualitatea edo ez, ohar horretatik hilabetera, Iberiar penintsulan, guztiok bizi dugun ustekabeko itzalaldia izan zen. Eta gehienok kitik ez, eta nik uste, orduan, ohartu ginela gure ongizatearen gizartea zein hauskorra den.

Mundu aurreratu honetan, non ia dena etxetik egin dezakegun ordenagailuak edo antzeko gailuak lagunduta, non ia dena algoritmoek eta robotek kontrolatzen duten eta adimen artifiziala baliatuta lor daitekeen; dena egin daiteke baina argindarra izan behar dugu, bestela ezin dugu ia ezertxo ere egin. Ezta otorduak prestatu ere.

Bazirudien azkeneko hamarkadetan sekulako aurrerapenak eginak genituela, baina atzera begiratuta, lehen oso ohikoak ziren etxeko "plomoak" urtzea edo besterik gabe, herri oso bat argindarrik gabe gelditzea, eta orduan etxe guztietan moldatzen ginen, kandelak piztu edota butanoa atera eta segi aurrera.

Ez naiz oso atzera begira zale, baina, noiz behinka, atzera begiratuko bagenu, ziurrenik kita prestatuko genuke inoren oharrik edo bideo tutorialik gabe.