Txin txin… diruaren hotsa.
Aurreko astean Cerdanen dimisioaren berri izan nuenean, pentsatu nuen lehenengo gauza Madrilen sortzen diren kanpainen beste atal besterik ez zela, beste fake-a. Baina, jarraian, prentsaurrekoak eta adierazpen horiek guztiak adituta, beste zerbait zela ulertu nuen eta ez edozein gauza, zerbait larria baizik.
Ondorengo egunetan, berri gehiago argitaratu ziren, zein baino zein larriago eta lerro hauek nik idatzi eta zuek irakurri bitartean, batek daki zer ez dugun jakinen eta ondorioak zeintzuk izan daitezkeen.
Puntu honetaraino iritsita, pentsatu beharko dugu nolatan den posible, hiru tipo horiek beste munduko formakuntzarik gabe, heldu daitezkeen politikagintzan, goiko postu horietaraino eta halako botere izateraino. Eta halako dirutzak kudeatzeraino. Eta inork ez daki ezer eta ez da ezertaz ohartu…Harrigarria.
Ondorioak, auskalo, baina ez da batere buruargi izan behar ulertzeko Madrilgo eta Iruñeko gobernuak kolokan daudela eta bide batez, Iruñeko Udala eta, ziurrenik, beste zenbait udal.
Eta gobernuak eta udal horiek erorita zeinen esku gelditzen diren jakina da. Hemen, Nafarroan, ez dago beste aukerarik, eskuina edo gainontzeko guztiak, era batera edo bestera.
Zoritxarrez, urtetan eta urtetan, eskuinik gabeko gobernua amestu dugunok, aurki gaitezke berriz ataka berdinean, eta aurreko aldian bezala, urtetarako. Basamortuaren zeharkaldia bezalakoa. Latza.
Orain arte, ustelkeria kasuak ugariak izan dira, eta, nik uste, horrelakoak saihesteko neurri guztiak hartu behar direla eta edozein itunetan lehentasunezkoa izan behar direla. Bestela, politikari guztiak eta alderdi politiko guztiak berdinak direlako ustean erortzeko arriskua dago, eta sinismen horretan erorita, betikoak galtzaile, herritarrok.
Eta, gainera, ez da egia; alde horretatik bi mota daude; diruaren hotsari jarraitzen diotenak eta bereari eusten diotenak.