Iraila iritsi da, eta horrekin batera, normalean, askok esaten dugu uda bukatua dela eta normaltasunera itzultzeko garaia iritsi dela. Normaltasunera itzultzeko altsasuarroi, oraindik, festak gainditzea falta zaigu, eta, orduan bai eskertzen dela normaltasuna.
Baina normaltasunak ohiko zereginekin eta lanekin hastea suposatzen digu. Hau, normalean, askoz gehiago kostatzen zaigu eta, gutxitan, gogotsu hartzen dugu.
Ohiko zereginekin hasteak jubilatuoi ez digu horrenbesterako suposatzen; eta nire kasuan, zereginetako bat zutabe hau idaztea da.
Eta honek guztiz ezustean harrapatu nau. Normalean denbora ematen dut zertaz idatziko dudan pentsatzen, mezua zein den eta, ondoren, idazteko ere hainbat buelta eta zirriborro egiten ditut. Gaurko zutabean ezin, biharko helarazi behar baitut erredakziora, eta hemen nabil, oraindik ere, ezertxo ere adierazi ez dudala.
Une batez pentsatu dut Adimen Artifiziala erabili eta zerbait, zerbaitetaz, eta halako karaktere kantitate erabiliz idazteko. Eta aterako zen itxuroso, ziur, baina ez.
Ez, oraingo honetan ez. Eta ez, nahiz eta errepikakorra izan eta behin eta berriz adierazi, Israel Palestinan egiten ari dena salatu behar delako.
Ez naiz nekatuko hori behin eta berriz adierazteaz, nahiz eta, zerbait testimoniala den jakin, eta inolako eraginik ez duela izanen.
Palestinan Israel egiten ari dena, ziurrenik, gutako gehienok gure bizitza osoan ikusi eta ikusiko dugun gertaerarik krudelena eta lazgarriena izanen da. Eta honen aurrean, munduko gobernuak ez dira gauza izan neurri eraginkorrak hartzeko, edota ez dute hartu nahi izan.
Mundutarrok ez dugu eragiteko gaitasun handirik baina gure esku dagoen guztia, behin eta berriz, salatzeko eta palestinarron bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko egin behar dugu.