Zutabe hau idazten ari naizen egunarekin, 1876an, Bell-ek eta Watson-ek, bat Cambridgen zegoela eta bestea Bostonen, nazio arteko lehenengo elkarrizketa telefonikoa izan zuten. Logikoa denez, komunikazioan sekulako aurrerapausoa izan zen.
Teknologia berriak mende bat baino gehiago behar izan zuen, gure mundu aurreratuan, guztiz garatu arte. Hasieran, aberatsen etxeetan bakarrik zegoen, gero gehiago hedatu zen, erabilpen publikoa ere bulkatu zen kabina publikoekin… Eta erabilpena, behar beharrezkoa ziren distantziako komunikazioetara mugatzen zen.
Telefonia finkoa zen.
Aurreko mendeko 90eko hamarkadan, beste aurrerapauso bat eman zen, kasu honetan, telefonia mugikorrarekin izan zen. Finkoarekin emandako urrats guztiak errepikatu ziren, erabat hedatu arte, eta bere erabilpena guztiz orokortu arte. Baina aldaketak berehala nabaritu ziren, nik uste, gutxi gorabehera, mende berriarekin.
Erabilpenari dagokionez, gaur egun, behar beharrezkoa zenetik une oro erabiltzera igaro da igaro da, distantziako elkarrizketarako izatetik aurrez aurrekoa ordezkatzera… Egia da informazio guztia eskura dugula momentuan bertan, eta une askotan hau oso garrantzitsua da, baina, era berean, horrekin batera gezur asko daude. Gezur interesatuak, helburu jakinetarako diseinatuta, gehienetan. Eta hemen, boterearekin topo egiten dugu.
Zenbat eta zenbat asmakizun zientifiko, zientzian sekulako aurrerapauso izan direnak, eta bide batez, gizarte osorako onuragarriak, botereak ez dituen bereganatu eta, bere interesetara eta nahietara egokituz, gizartearen kontra edo kontrolatzeko ez dituen erabili?
Eta nik bizitza osoa eman dut lurra borobila zela pentsatuz… Eskerrak laua dela azaldu didatela eta orain dena askoz hobeto ulertzen dut.