astekoa

LOALDIAK

Erabiltzailearen aurpegia Javier Casteig Barandiaran 2025eko abenduaren 8a

Erretiroa hartu nuenetik apenas ez dut harremanik izan nire aurreko lanbidearekin, hau da, irakaskuntzarekin. Salbuespen bakarra, Altsasu BHIn gertatzen dena arretaz eta harrotasunez jarraitzen dudala izan da, sare sozialen bitartez gehienbat. Harrotasunez, ni horren guztiaren partaidea izan naizela sentitzen dudalako.

Horretan nengoen, irakaskuntzatik at, aurreko egunean prentsan ondoko titularra topatu arte: "DBHko ikasleen errendimendua hobetuko litzateke klasean hasteko ordutegia ordu erdiaz atzeratuko balitz". Irakurri eta pentsatu nuen, honenbeste PISA azterketa, analisia, autoebaluazio, hobekuntza-plana… eta ohi bezala, gauzak askoz errazagoak dira: zuk atzeratu sartzeko ordua eta errendimendua hobetuko da, baina zein ordutara? Berdin da, atzeratu klaseak hasteko ordutegia…

Artikuluan sartu nintzen ea argitasun gehiago ikusten nuen, eta, zera, proposamena Gasteizen egin zen, pediatrak eta loaldian adituak diren medikuak biltzen dituen "Loaldiaren aldeko aliantza" deitutako taldeak egina zuen, eskola ordutegi osasungarriagoak aldarrikatzeko asmotan.

 Aurkezpenean adierazten zuten ikastetxeetako ordutegiak helduei begira diseinatuta direla ikasleen biorritmoak errespetatu beharrean. Arrazoia, nerabeen %52 eskolaratzen dira, beharrezko 8 orduko loa izan gabe, eta gero, asteburuetan, %48k aholkatutako denbora baino gehiago ematen dute lo.

Hori dela eta, goizeko 11:00ak arte arreta minimoa da, eta ez da komeni tarte horretan azterketarik egitea, eta hobe, asteazkenetik aurrera. Gainera klaseen artean 3 eta 10 minutu bitarteko atsedena beharko lukete; garaiz etxeratu, presaka eta gaizki bazkal ez dezaten; eskolan daudela, mugikortasuna bulkatu, eguzkitan egon, abestu eta dantza egin, eskailera gora eta behera mugiarazi…

Ikaragarria, beste behin, gizarteko arazoak eskolan konpondu nahia;  nerabeek, haien etxeetan eta gurasoen ardurapean daudela, gaizki eta gutxi edo gehiegi lo egiten dutenez, bakoitzaren etxean neurriak hartu beharrean, guztion etxean har ditzatela…

Tira ba, ni nirean zentratuko naiz, erretiroaz gozatuz, eta irakaskuntzari sare sozialetik, leku seguruenetatik begiratuko diot, orain arte bezala, arretaz eta harro.