Lerro hauek idazten ari naizen unean, Ilargiaren izkutuko aldetik buelta emana dute Artemis II-k eta bertan doazen astronautek. Sekulan, guk dakigula, ez da ibili gizakirik gure planetatik horren urruti, eta inoiz, inork ikusi ez duena ikusi dute, alde izkutua, alegia.
Espedizio honen kostua 4000 milioi dolar omen da. Kopuru ikaragarria, baina aurreko antzekoek abantaila teknologiko handiak eta bizi kalitatearen hobekuntzak suposatu dituztela aitortu behar da. Hor daude, adibidez, intsulina-bonbak, kirurgian erabilitako laserrak, panel fotovoltaikoak, GPS-ak, minbiziaren kontrako inbestigazioak eta beste hamaika, eta horiek guztiak garatu edo hobetu dira, neurri batean edo bestean, honen antzeko espedizioetan.
Diru kopuru ikaragarri hori xahutu da, bakar bakarrik, espedizio hau aurrera ateratzeko baina honaino iristeko erabilitako diru kantitatea, hori baino askoz handiagoa da.
Lehen aipatutako hobekuntzak aitortuta, pentsa liteke diru horiek espazioan erabili beharrean, lurrean erabilita, zenbat eta zenbat milioi pertsonen bizi kalitatea hobe liteke.
Gainera, nonbait, gaur egungo espedizioaren helburuak dira Ilargian egoitza egonkor bat prestatzea, ikerkuntzarekin jarraitzeko baita Marterako, heldu den espedizio bat prestatu ahal izateko.
Botereak zientzia bere intereserako erabili izan du beti, eta oraingo honetan berdin. AEBn interesa Ilargira Txina baino lehenago iristea eta bertan finkatzea da, horrek dakarren ospe guztiarekin eta, bide batez, Ilargian bertan, egon daitezkeen baliabide guztien jabe egiteko.
Alde horretatik, oraindik ez dago nazioarteko araudirik; beraz, edozein gauza egin daiteke. Eta araudirik egonen balitz, ikusi berri dugun bezala, bazterrean utziko lukete nahi dutena egin ahal izateko.
Eta agian, beste helbururik badute. Ikusita lurra nola txiki-txiki eginda uzten ari diren, Ilargirako eta gero Marterako ahalguztidunen ihesaldi bat prestatzen ari dira. Eta ziurrenik, hemen geldituko ginenendako onena izanen zen.