Astekoa

Argia

Erabiltzailearen aurpegia Javier Casteig Barandiaran 2026ko ekainaren 8a

Badira prozesuak, denboran zehar etengabe luzatzen direnak. Batzuetan prozedurak hala eskatzen duelako eta beste zenbaitetan, ez atzera eta ez aurrera gelditzen delako inork tira egiten ez duelako.

Egin beharrekoa polemikoa baldin bada, prozedura luzatzeak, normalean, ez du mesederik egiten eta bidea zikintzea eragin dezake. Horrexegatik, behin erabakia hartuta eta dena behar bezala bermatuta dagoela, prozedura bizkortzea mesedegarria da.

Nik uste, horrelako zerbait gertatzen ari dela Iruñeko Erorien Monumentu frankistarekin.

Bere momentuan, Iruñeko udalak erabakia hartu zuen. Polemikoa, zalantzarik gabe. Mausoleoa ez botatzeko eta eraldatzeko erabakia hartu zuen, talde memorialista gehienen iritziaren kontra. Hauek, behin betiko, begien bistatik desagerrarazi nahi zuten, honela, oraindik ere, min gehiagorik ez eragiteko.

Baina erabakia hartuta, aurrera egin behar da eta prozesuak hala egin du.

Aurreko astean Monumentua eraldatzeko aukeratutako bi proiektuak aurkeztu ziren. Ez dira behin betikoak, orain, herritarren parte hartzeko tenorea irekitzen da eta. Bi proiektu horien inguruan eztabaidatu beharko orain, akabo beste aukerak. Eztabaidatu proiektuok hobetzeko.

Ondoren, eman beharreko beste urratsak etorriko dira, eta akaberan proiektua gauzatzeko garaia eta orduan, Carlos III etorbidearen amaieran, oraingo Erorien Monumentu frankistaren lekuan beste zerbait ikusiko dugu, gustatu edo ez, polemika guztiarekin, beste esanahi guztiz ezberdina izanen duena.

Prozesua luzea izan da, eta are gehiago, Mausoleoaren lehen harria 1942an jarri zela eta hamar urte beranduago mustu eta ireki zela kontuan hartuta. Geroztik, min handia eragin du, baina, orain, tunelaren beste aldean argitasun punttu bat ikusten da, nik uste.