Astekoa

Zorionak eta agur

Erabiltzailearen aurpegia Javier Casteig Barandiaran 2026ko uztailaren 27a

Aurreko astean, etxera bueltan, ohi bezala buzoian begiratu nuen ea zerbait zegoen, eta asteko Guaixeren alea aurkitu nuen.

Jada etxean, lehenengo ezustea, 1000. zenbakia, ikaragarria!

Eta, are gehiago, tamaina. Honek nire haurtzarora eraman ninduen non egunkariek antzeko tamaina zeukaten. Mahai gainean egunkaria jarrita, nik, eserita, ezin nuen irakurri begien bistarekin iristen ez nintzelako eta zutik egin behar nuen edo, gogoratzen naiz, lurrean etzanda, erosoago egoteko. Orain pentsatzen dut, udan eginen nuela, bestela, neguan ea nor ausartzen zen lurrean denbora luzez egotera prentsa irakurtzeko.

Ondoren, Guaixeren alearen mamiari erreparatu nion, baita jabetu kazeta honek Sakana egiteko eragiten duen ekarpenari ere.

Gaur egun, ez dakit beste ezerk Guaixek baino gehiago aportatzen duen Sakana egituratzeko eta sakandar sentiarazteko bere asteroko ekarpenarekin. Ostiralero elkarren berri jasotzen dugu, guztion kultur agendak partekatzen ditu, kirol emanaldien berri eman, talde ezberdinen ekintzen berri eman, deialdiak jakitera eman… Eta, gainera, dena gure hizkuntzan. Behar dugun guztia jasotzen dugu, eta hau, jada, 1000 aldiz egina. Eta heldu diren beste 1000 bila.

Honengatik, hasieratik eta orain arte, hau guztia posible egin eta egiten duten guztiok zoriondu nahi ditut, bultzatzaileak, laguntzaileak, langileak, bazkideak. Baita hemendik aurrerako ibilbidean inplikatuko diren guztiak ere.

Eta hau ere bideragarria da erabiltzaileak edo irakurleak, kasu honetan, gaudelako.

Hau sasoiko azken kolaborazioa da oporrak baino lehenago, eta honelakoetan, agurtu eta horrelakoak egiten ditugu.

Nik, oraingo honetan, berriki hildako lankide ohi bat agurtu nahi dut. Urte luzez eman genuen elkarrekin institutuan, bakoitza bere ikuspuntuarekin eta egiteko erarekin, hamaika eztabaida izana dugu, gutxitan adostasunera iristeko, baina arrasto luze eta sakona utzi zenuen Sakanako belaunaldi askorengan. Beti kanpoko probarako edota selektibitaterako ikasleak nola prestatuko pentsatzen… Eta ostiralero Guaixe hartu ea ikasle ohiren baten berri agertzen zen. Baina erretiroa hartu eta gutxira hil zinen.

Lurrak goxo har zaitzala, Mari. Eta agian, honetan ere, ez zinen bat etorriko nirekin. "Goxo? Zertarako?" esan zenezakeen.

Honetarako ere balio du Guaixek, hau hemen adierazten edo, agian, beste inon ez.