Astekoa

PISA

Erabiltzailearen aurpegia Javier Casteig Barandiaran

2025eko PISA txostena argitaratu eta berehala hasi ziren azalpen bila, batzuk eta besteak: euskara dela edo etorkinak direla, pantailen neurrigabeko erabilpena, ikastetxe publikoak eta kontzertatuak, irakasle funtzionarioak eroso bizi direla, OCDEk bere eredua inposatu besterik ez duela nahi, frogek ez dute baliorik notarako eta ikasleak ez dira inplikatzen… Bakoitzak bere eremua defendatzen du, baina emaitzak hor daude eta kezkagarriak dira, oso.

Aspalditik irakaskuntzatik kanpo nabil, jubilatua, baina nik uste emaitzok inor gutxi harrapatu duela ezustean. Agian jaitsieraren zenbatekoak bai, baina irakurritakoaren ulermenarekin zailtasun handiak daudela, irakaskuntzan gauza jakina zen.

Adibide bat. Matematikako irakaslea nintzela, guztiok genekien ikasleak lan mekanikoetan moldatzen zirela baina buruketa bat planteatuta, hau da, testu bat nondik, kalkulatu beharrekoa eta datuak identifikatu behar zituzten, arazoak ikaragarri handitzen ziren.

Beste adibide bat irakaskuntzatik kanpo. Nik uste, askori, inoiz, jende talde bati, mezuren bat helarazteko lana egokitu zaigula. Eta ondo zaindutako mezua, laburra, harira zuzenean… eta hala ere zera ikusi dugu: hamaika galdera, nola? noiz? zein ordutan?... Eta pentsatu, honek edo gainetik irakurri du edo ez du ezer ulertu.

Arazo potoloa da, gazteena baita gizarte osoarena ere. Testu hau baina pixka bat luzeagoa bada, mezua ulertzeko arazoak dauzkagu. Eta hau funtsezkoa da egoera askotarako, prentsan argitaratutako edozein artikulu ulertzeko, hipotekaren klausulak, informazioa behar bezala hartzeko eta kritiko izan ahal izateko… Alderdi politiko baten egitaraua ulertzeko…

PISA egin dutenek, ez haiek bakarrik, jakina, etorkizuneko gizarte eredua definituko dute eta gu oraina definitzen ari gara. Ez badugu/dute irakurritakoa ulertzeko beharrezko gaitasuna, gizarte engainagarria eta, geroz, manipulagarria osatuko dugu/dute. Zaurgarri bihurtzen gaitu, eta, ondorioz, menpeko eta ez aske.

Segi dezagun, idazten eta irakurtzen, idatzitakoa ulertzeko asmoz beharrezko tartea hartzen eta honela, gure akatsez beteriko oinarrizko eskubideen gizarte eredu hau zainduko dugu, gizarte hoberik, epe laburrean, nekez, ezagutuko dugu eta.