Astekoa

Hausnarketa

Erabiltzailearen aurpegia Javier Casteig Barandiaran

Zutabe hau prestatzen hasi behar nuenean Hauteskundeen Hausnarketa eguneko bezperarako zela uste nuen, eta horrekin erlazionatu nahi nuen testua. Baina ez da hala izan, eta astebete lehenago egokitu zait zeregina. Agian, gaizki kalkulatua baino, etengabeko aurre kanpaina eta kanpaina honekin, ahalik eta lasterren bukatu nahi izateagatik izan da, akaso, zer gertatuko lehenbailehen jakin nahian.

Idazteko beste gai baten bila hasita, ale honek, azaroaren 20an, argia ikusiko duela ohartu naiz. Azaroaren 20an!

Gogora dezagun aipatutako eguna askorendako zergatik den ezaguna. 1936an Falangeren sortzailea zen J. A. Primo de Rivera fusilatu zuten, 1975an Francisco Franco diktadorea hil zen, 1984an HBko kidea zen Santi Brouard hil zuten eta 1989an, HBko legebiltzarkidea zen Josu Muguruza erail zuten, Madrilen.

Hau guztia eta gehiago gaurko egunarekin gertatu zen eta gorago aipatutako lehenengo gertakari horretatik 90 urtera, orain, hemen, hauteskunde kanpaina bete betean murgilduta gabiltza, bi talde argi osatuta.

Alde batetik, hildako zerrendako bi lehenengoen oinordekoak. Bat eginda, harroxko eta sendo. Nostalgikoak, aurreko garaiak hobe izan zirela adierazteraino, eta azkeneko urtetako aurrerapen gehienetan atzera egin nahi dutenak.

Beste aldetik, gainontzeko guztiak, nor bere aldetik, burumakur eta ezkor. Azkeneko urteetan egindakoa nahiko ez dela eta bide horretatik jarraitu behar dela, guztiondako bizitza duina lortze aldera, adierazten dutenak. Eskubideetan, bizi-baldintzetan, gutxieneko soldatan, etxebizitza eskubidearen aldean eta horrelako gauza askotan inolako atzerapausorik egin nahi dutenak.

Neurri batean, duela 90 urte zen antzeko egoera.

Baikorra izateko arrazoiak, munduan, antza, eskuin-muturra maldan behera doala eta etxebizitzen aferarekin gizartea esnatu egin dela.

Hausnar dezagun ba, eta atzera begiratu behar badugu, izan dadila gertatutakoa ez ahazteko eta indar handiagorekin aurrera egiteko.