Udal aurrekontuak: Desberdinen arteko akordioa

Erabiltzailearen aurpegia Javier Ollo Martinez 2017ko ots. 17a, 08:00

kolaboratzaileak

Altsasuk 2017. urterako aurrekontuak ditu. Aurrekontuak edozein administrazio publikoren funtzionamendurako oinarrizko tresna dira. Hala ere 2017. urtean udal aurrekontuen onarpenak garrantzia berezia dauka Udalarendako, urte honetan ditugun erronka guztiei aurre egiteko. Udal eraikinen eraginkortasun energetikoaren inguruko azterketa edo enpleguaren sustapenari zuzenduta dagoen langileria kontratazioa bezalako erronkak.

2016. urtean egindako kontratazioek emaitza oso onak eman zituzten eta urte honetan horrela izatea espero dugu. Honekin batera garapen ekonomikoari dagokionez, Udalak Cederna-Garalur entitateari eta Sakanako Garapen Agentziari egiten dizkion diru ekarpenekin batera (22.440,00€ eta 46.392,2€ hurrenez hurren), ekintzailetza sustatzeko diru-laguntza aurreikusten da. Izan ere, erakunde publiko bezala gure herrian ekintzailetza garatzeko esfortzua egin behar dugula ondorioztatu dugu. Hori lortzeko fiskalitatearen eremuan erabakiak hartzeko ahalmena oso txikia denez –Nafarroan indarrean dagoen foru legediaren arabera-, diru-laguntza zuzenen tresna aukeratu dugu.

Honekin batera ongizate saileko diru kantitatea handitzen da 2016. urtearekin alderatuta, bai eta Udalak Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari egiten dion diru ekarpena ere. Udal Haur Eskola berriko materiala erostea aurreikusten da eta inbertsioen barruan, Haur Eskola berriaren kanpoaldeko zonaldea enparantza bezala berritu. Inbertsioekin jarraituz, Zelandi eskola publikoko komunen berrikuntza eginen da.
Aurrekontu hauetan lehendabiziko aldiz Altsasuko ikastetxeei zuzenduta dagoen diru-laguntza deialdia agertzen da, 48.000,00€-rekin. Deialdi honek orain arte Iñigo Aritza ikastolari zuzenean ematen zitzaion diru-laguntza ordezkatzen du. Deialdi honen garrantzia azpimarratu nahi dut. Izan ere, aurrekontuak onartzeko alderdi desberdinek adostasuna bilatu behar dute. Geroa Bain hori oso garbi dugu.

Aurrekontuen proiektuan Ikastolari zuzendutako diru-laguntza agertzen zen baina, Plantilla Organikoa zela medio, EH Bilduk aurrekontuak negoziatzeko asmorik ez zuela jakitean, negoziazioa PSN eta Goazen Altsasu alderdiekin abiatu genuen. Onartutako deialdia ez zegoen honi baietza eman dioten alderdien programetan baina epe ertain eta luze batera begira, soluzio egokiena dela uste dugu.  Alderdi desberdinen artean komuneko puntu batera ailegatu gara eta hori poztekoa da beti. Altsasuarrek hori nahi dute, alegia, alderdi desberdinen arteko akordioak eta hori egin dugu. Orain deialdi berriaren oinarriak prestatu behar dira.

 2017. urteko aurrekontuen onarpenak (Geroa Bai eta PSN alderdien baietzarekin eta Goazen Altsasu alderdiaren abstentzioarekin) urte honetan aurreikusita ditugun proiektuak gauzatzea posible egiten du. Altsasuarrek ez dute posizioa maximalistarik nahi beraien ordezkari politikoetan. Izan ere, posizio hauek edozein negoziaziori kalte asko egiten diote, baita ere aurrekontuen negoziazioari. Horrela beraz, aurrekontu hauen onarpenak zera erakusten du: akordioak lortzeko borondate politikoa dagoenean akordioak aberatsagoak dira eta etorkizuna askoz hobeagoa.