“Gizartea aldatu da” ez da topiko hutsal bat; ez behintzat abereekin lan egiten dutenendako. Berehalako kontsumoaren aroan Sakanako abeltzainak kokatzea zaila da. Produkzio industrialak menderatutako merkatu batean, non daude? Merkatutik at, akaso?
Esan liteke baietz. Ricardo Palacios (Aralarko) lakuntzarrak haragitarako behiak dauzka. Hirurogeita hamar bat, oraintxe bertan, eta haragia berak bertan saltzen du, bitartekorik gabe. Horretarako ahoz ahoko sistema erabiltzen du. Zer da hori!
Aberri Barandalla (Jeingenekoa) etxarriarrak baserrian berrehun bat behi dauzka, esnetarako. Esne hori jogurt eta gazta ekoizteko erabiltzen du, eta, gero, bera da furgoneta hartu eta Sakana inguruko bezeroei saltzera irteten dena. Bitartekorik gabe.
Industria handiaren aurka lehiatzeko, prozesua ixtearen aldeko apustua egiten dute
Batak esnea eta besteak haragia, baina filosofia berbera da: produktua sortu eta saldu egiten dute; zikloa beraiek ixten dute. “Zerbaitez harro egon bagaitezke da, gure larreetan sortutako hazietatik produktua bukatzeraino, guztia, etxean egiten dugula”, dio Aberri Barandallak. Hauxe da prozesua: Jeingenekoako larreetan bertan jaiotako haziak ereiten dituzte; gero, hazitako belarretik behiek jaten dute; behiak, ongi elikatuta, jetzi egiten dira, eta emandako esnea eraldatu egiten da Sakanan ezagunak diren jogurrak, gazta edo pasteurizatutako esnea ekoizteko. Dena, etxean.
“Gure apustua da ganadua ahalik eta modu naturalenean haztea”
Ricardok ere ongi zaintzen ditu behiak: “Behiak Aralarren ibiltzen dira bost-sei hilabetez, gero hemen, larreetan; bazka gure lurretan egiten dute eta beti transgenikorik gabeko pentsua ematen diegu”. Gero hiltegi batera eramaten ditu behiak, han haragi-paketeak prestatu eta ondoren berak saltzen ditu. “Gure apustua da ganadua ahalik eta modu naturalenean haztea”.
Prozesua horrela mimatzeak negozio mota finkatzen du: kalitatean eta gertutasunean oinarritutako harremana. Txanponaren beste aurpegia, prezioa. “Argi daukagu prezioan ezin garela lehiakorrak izan industrialagoak diren beste batzuekin. Batzuek prest daude elikagaiei lehen mailako garrantzia emateko, eta horiek dira orokorrean gure produktuak erosten dituztenak”, dio Aberrik. Azken batean, kalitatearen aldeko apustua da gakoa; ganadua ahalik eta modu naturalenean haztea, eta produktua saltzea da abeltzain ertain eta txikiei “bideragarritasuna ematen diena”, Ricardoren hitzetan.
Aberrik ederki azaltzen du zer gertatzen den sektorearen alde industrialean: “Prezioa behetik gora jartzen hasi beharrean, alderantziz egiten da. Goian prezio bat jartzen da, eta handik behera, ‘nik hainbeste irabazi behar dut, nik hainbeste, eta nik hainbeste’, eta baserritarra da azkena gelditzen dena”. “Hori oso arriskutsua da gu bezalako tamaina txikiko ustiategi batentzako”, eta horregatik ixten dute beraiek zikloa.
Pandemiari aurre egiteko: elkartasuna
Covid-19ak sektore guztiak astindu ditu, eta ez da atzean geratu abeltzainena. Jeingenekoaren kasuan domino efektu moduko bat jasan dute: “Guk lana egiten dugu errestaurazioko sektorearekin, tabernekin, jatetxeekin… horien lana nabarmen jaitsi da, eta beraz gurea ere bai”.
Behiek, ordea, ez dute pandemiez ulertzen, eta esnea berdin-berdin ematen jarraitzen dute. “Gu baino okerrago daudenak ere badaude; guk esnea zentralera (Kaiku) saltzen dugu, eta hori eskertzen da (esneari) irteera emateko; baina, noski, saltzen da saltzen den prezioan, eta horrekin ez dira soldatak ordaintzen”.
Ricardori ere eragin zion pandemiak, denborarekin aurre egin ahal izan dion arren. “Hasieran pila bat nabaritu zen, kontua gelditzen ari zen, baina gero pixkanaka mugimendua hasi da berriro”, dio.
“Laguntza, ekonomikoa baino, morala izan da”
Hala ere, hasiera batetik abeltzain hauek hartutako filosofia izan da gakoa; hala nola, gertutasuna, kalitatea eta harreman zuzena. “Herri txiki batzuek elkartasun moduan gureak eta gureak bezalako produktuak (ogiak, gaztak…) erosteko iniziatibak antolatu dituzte. Furgonetarekin joan izan gara, bozina jo eta jendea erostera ateratzen da. Oso polita da, oso harreman zuzena”, dio Aberrik. “Laguntza, ekonomikoa baino, morala izan da; erakutsitako babesak egiten digu esatea ‘jarraituko dugu’”.
Aberri Barandalla Fernandino txahalekin.
Feriarik ez egoteak ekartzen duen galera: ekonomiatik haratago
Aurten feriarik ez egoteak zuzenean eragiten die baserritarrei. Ferien eta azoken geldialdiak zuzenean eragiten dio Jeingenekoari. Jogurten eta gazten ohiko salmenta puntuez aparte, azokak irtenbide bezala erabiltzen dituzte-eta. “Salmenta zuzeneko azokak erabat desagertu dira, eta hori bai, izugarri nabaritzen da”.
Ricardok, ordea, ez du ferietan haragirik saltzen, baina ez ditu gutxiesten ferien faltak dakartzan ondorio kaltegarriak. Beraren kezka ulertzeko ongi etorriko zaigu historia pixka bat ezagutzea.
Ricardok baserrian dituen behiak bertakoak dira; arraza pirenaikoa delakoa. Eta ozta-ozta hitz egin dezakegu gaur behi pirenaikoei buruz, aurreko mendearen hirurogeiko hamarkadan desagertzeko zorian egon baitziren. Hainbat teoriak diotenez (J.M. Barandiaranek eta T. Echeverriarenak, adibidez), behi hauek gurekin egon dira betidanik. “Behi pirenaikoaren jatorria euskal herriarena bezain antzinakoa da. Pentsatu behar da euskaldunek, toki batetik bestera mugitzean, beren ondasunak eramaten zituztela, abereak barne. Euskara, eta behi pirenaikoa dira, besteak beste, Europa indigenaren hondarrak” (Filogenia y origen de la raza pirenáica, conaspi.net).
Baina teoriak alde batera utzi daitezke gure inguruari arretaz begiratzen badiogu. “Behi, ardi eta azienda guztiari esker mantentzen dira gure basoak ezagutzen ditugun moduan. Aralar den bezalakoa da behiengatik, ardiengatik… sortzen duten eraginagatik, egiten den gestioagatik...” (haiek zaintzeko eta elikatzeko egiten den kudeagatik), dio Ricardok. Hori da, gure tripak betetzeaz aparte, abeltzaintzak egiten duena; beti egin izan duena, eta orain ahazten ari zaiguna. “Hau galtzen ari da, eta gero ez da jendea atzetik etorriko”.
“Zaila da gizarteak zaila egiten duelako; gizarteak ez du baloratzen”.
Horregatik da kaltegarria ferien falta Ricardorendako. “Ferietan nahi dudana da jendeak gure lana ikustea. Pixka bat deskonektatuta dagoenari plazaratzea zein den gure lana, zer eta nola egiten dugun lan”. Abeltzaintza gure herriaren ondare bat da, eta jendeari horren kontzientzia falta zaiola uste du Ricardok.
“Pena ematen dit hau egin nahi duen gazterik ez egoteak. Zaila da, eta zaila da gizarteak zaila egiten duelako; gizarteak ez du baloratzen, eta hortxe dago koxka. Baina denarekin gertatzen da horrela. Zuk erosten baduzu arropa merkea, arropa horren atzetik beti egongo da norbait sufritzen”.
“Prezioak asko jaitsi dira, ez dakit Covid-arengatik edo Covid-a aitzakia bezala erabilita”
Aberrik ere ilun ikusten du abeltzaintzaren arloa: “Sektorea dagoen bezala dago: asko, desagertzen; besteak, marjina estuekin… Eta, orain, Covid-19aren kontuarekin prezioak asko jaitsi dira, ez dakit Covid-arengatik edo Covid-a aitzakia bezala erabilita”.
Azken batean, “gizarte aldatu” honetan etengabe harrien gainetik doan sektorea da abeltzaintza; eta Covid-19a, harri guzti horiez gain beste bat gehiago da. Aurten ez da feriarik egongo, baina gabezia horri aurre egin dakioke, besteak beste, abeltzainak non dauden eta zer egiten duten kontzientzia hartuz.