Arbizuko beheko basoan edukitzen ditu, hogeita hamar bat; beste arraza batzuetatik desberdintzen dira txikiagoak direlako.
Noiz eta nola hasi zinen pottokekin?
Duela bost-sei urte hasi nintzen. Etxean beti izan ditugu behorrak, nahiz eta gero kendu egin genituen. Beti gustatu izan zaizkit behorrak, feriak eta hori guztia. Gero pentsatu nuen berriro jartzea, baina Arbizuko basoa hektarea gutxi dira, eta behor handiak jartzen badituzu errepidera jaitsi daitezke. Horregatik jarri nituen txikiak, pottokak, gutxirekin irauten dutelako beti goian, ahuntzak bezala.
Gogorragoak dira.
Gutxiago behar dute. Elurrarekin-eta jaisten dira behera, baina gehienetan lau belar eta lau arrama punta janda nahiko gizen egoten dira.
«Etxarrin eta Lakuntzan basoak txarrantxarekin itxita daude; Arbizun, ez»
Nola zaintzen dira pottokak?
Arbizuko beheko basoan edukitzen ditut eta apiril aldera larrera jaisten ditut, umeak egiteko. Umeak egin ondoren, maiatzean edo ekainean, hartu eta Aralarrera eramaten ditut. Han egoten dira orain arte, eta berriro Arbizuko baso komunalera eramaten ditut, negua pasatzera.
Arbizuko basoan ongi daude?
Arbizuko basoaren arriskua da hogeita hamar urtetan ez dutela itxi. Etxarrin eta Lakuntzan, adibidez, basoak txarrantxarekin itxita daude. Arbizun ez. Eta Arbizun ganadua badago, baina jendeak ez du botatzen beldurra dutelako Lizarrusti aldeko bideberrira ateratzeko, auto batekin istripuren bat izateko…. Nik horregatik dauzkat pottokak, gutxirekin eusten dutelako non-nahi, eta jaitsiz gero gora igotzen ditut eta pentsu pixka bat ematen diet han geratzeko.
Pottokei etekinik ateratzerik badago?
Zerbait bai, baina hortik bizitzeko ez. Noizbait saldu izan ditut, “bizitarako”, baina normalean hiltegira eramaten ditut. Nik hobby bezala dauzkat, nire burua basora gehiago joatera bultzatzeko; afizioagatik. Etekinen bat ateratzen dut, baina gutxi.
Bertako arraza da?
Bai. 2014tik Nafarroako Gobernuak onartu zuen pottokak Nafarroa bertakoak zirela, eta diru laguntzak ematen hasi ziren. Ehun euro behor bakoitzeko.
Desagertzeko arriskuan daudelako.
Paleolitikotik daude behor hauek hemen. Urdazubiko eta beste kobazulo batzuetan opatutako behorrak (marrazkiak), antza denez, pottokak ziren. Nafarroan hirurogei behor inguru egonen dira. Pottoka horiek hemen egon dira bizi guztian, baina jendeak egin izan duena da “ande o no ande, caballo grande”, eta, horregatik, beste zaldi batzuekin gurutzatzen ziren. Behorra ez da txerria bezala, ez du botatzen diozun guztia jaten. Pentsuarekin tranpa egiteko zerbait botatzen badiozu, gizentzeko-edo, ez du jaten. Sudurrak zabaldu, usaitu eta atzera egiten du. Horregatik beti gurutzatu izan dira arraza handiagokoekin, haragitarako gehiago pisatzeko.
Jaten da behorraren haragia?
Hemen ez daukagu ohitura hori. Hemengo ekoizpenaren gehiengoa Italiara eta Frantziara joaten da. Hemen gutxiago jaten da.
Zaporeagatik edo?
Esaten dutenez gozoagoa da. Uste dut kultura kontua dela. Kirolariek-eta jaten dute, ona omen da anemiaren kontra.
Pandemia nabaritu duzu?
Pottokak zaintzeko ez, abeltzain txartela aterata, arazorik gabe. Baina haragiaren prezioa jaitsi da, kiloak hogei zentimo gutxiago balio du. Dena jaitsi den aitzakia erabilita jaitsi da, baina hemen jaitsi da, tratantearekin-edo ordaintzen dizunarekin, zeren Italian eta Frantzian demanda berdina da.
Ferien falta sumatu duzu?
Asko. Ni denetara joaten nintzen, San Ferminetara, Miranda de Ebrora, Eletara, Ezpeletara...Hemen ere bai, Altsasura, Etxarrira… Ferietako saltsa hori faltan izan dut.
Haragia emateaz aparte, zertarako erabili izan dira pottokak?
Aldamenek esaten didatenez haiek horrelako behor bat izaten zuten. Aita artzaina zuten, eta pottoka gazta garraiatzeko erabiltzen zuten, gurdi bati lotuta. Lehen lanerako erabiltzen ziren, gurdiak eramateko. Orain, ekoizpenerako ez dira onenak. Gainerako behorrak pisu gehiago daukate eta haragi gehiago ematen dute. Ekitaziorako, saltoetarako eta abar hasi dira erabiltzen. Pottoka batzuek horrelako txapelketak irabazi dituzte.
Garesti ateratzen da pottokak haztea?
Ez. Behor handiagoekin azpiegitura gehiago behar dira, jateko gehiago behar dutelako eta basoan utziz gero errepideraino jaisteko arriskua dagoelako. Pottokekin, aldiz, ez daukat ia gasturik. Udan, larrera jaisten ditudanean, larre horiek ordaindu behar ditut, baina gainerakoan basoan egoten dira.