COVID-19ak eragin duen egoerak gogor jo du abeltzaintza, eta kaltetuen artean daude Sakanan behorrak eta zaldiak hazten aritzen diren abeltzainak.
Nola hasi zinen zaldiak hazten?
Nire aita abeltzaintzan eta nekazaritzan aritzen zen, eta gero nik hartu nuen erreleboa. Koinatuaren eta bion artean daukagu esplotazioa.
Eta zaldiez aparte, behiak ere hazten dituzue.
Bai, esplotazio misto bat daukagu. Hirurogei bat behi haragitarako eta berrogeita hamar bat behor, Auritz arrazakoak; haragitarako horiek ere.
Auritz zaldi-azienda desagertzeko arriskuan dago?
Bai. Guk bost urtez hirurogeita bost behor mantentzeko konpromisoa daukagu. Horregatik, laguntzatxo bat ematen digute, Europatik finantzatuta datorrena. Pixkanaka, elkartearen (ASCANA) kudeaketari esker eta Nafarroako Gobernuak Europarekin batera eman dituen laguntzei esker, azken hamar urteotan Auritz zaldi-aziendaren egoera hobetuz joan da. Ideia bat egiteko: 230 bazkide gara Nafarroako elkartean, eta liburu genealogikoan hiru mila behor ama inguru daude izena emanda. Arraza bat desagertzeko arriskuan dagoela esaten da bost milatik behera daudenean.
Pandemia egoera nabaritu duzue?
Asko. Guk ganadua “bizitarako” saltzen dugu, hau da, behokak ama izateko eta zaldikoak hazitarako. Pandemiarekin Nafarroatik kanpoko erosleei saltzeko arazoak izan ditugu. Orain, adibidez, Bartzelonatik eta Asturiastik etorri behar ziren bezero pare bat, baina etortzeko trabak dituzte Nafarroa itxi behar baitute. Udan ere arazoak izan ditugu, jendeak beldurra du, ez du mugitu nahi, eta bizitarako ganaduaren salmenta gutxitu egin da.
“Bizitarako” saltzea garrantzitsua da?
Horrela etekin gehiago atera dezakegu, ze haragitarako prezioa dagoena da eta kitto. Baina esplotazioa mantentzeko, guk behintzat, “bizitarako” saltzen dugu, asko. Eta jendea atzera egiten ari da, orain erosi beharrean datorren urterako uzten, eta abar.
«Azkenean abereekin lan egiten duenak bigarren lanbide bat izan beharko du»
Aurten, beraz, gaizki.
Aurten abeltzainok egin dugun lana gutxi baloratu dela iruditzen zait. Txalo asko egon dira askorendako, merezi dutenak, noski, baina abeltzainak ere hemen egon gara, lanean, egunero, egon diren zailtasun guztiekin. Eta esker gutxi ikusten dut. Aitorpen gutxi. Adibide bat jartzeagatik, Irurtzunen erreportaje bat egin zen, eta gremio guztiak agertu ziren, okina, harakina, dendaria… Eta ez zen herriko abeltzain bat bera ere agertu. Harategian haragia badago lanean jarraitu dugulako da. Arrisku guztiekin, egunero.
Behiekin oraintxe bertan diru asko galtzen ari gara. Kontsumoa jaitsi da, eta behiak hiltzeko atzerapenak daude. Beraz, oraintxe ez daukagu ez dirurik eta ez errekonozimendurik ere.
«Haragiaren prezioa hogeita hamar zentimo jaitsi digute, baina harategian prezioa duela urtebetekoaren berdina da. Non daude hogeita hamar zentimo horiek?»
Nola ikusten duzu sektorearen etorkizuna?
Oso zaila iruditzen zait esplotazioetan lanean hasi nahi duen gazterik egotea, gaur egun dauden zailtasunekin: merkatua, prezioak… Egunero eskakizun gehiago daude, bai ingurumenari begira, bai burokrazia aldetik ere.
Gainera, harategi batean orain prezioa duela urtebetekoaren berdina da. Baina guri kiloa (behiarena) hogeita hamar zentimo jaitsi digute. Non daude hogeita hamar zentimo horiek? Zuri harategian berdin kobratzen badizute, eta guri kendu egin badizkigute, non geratzen dira? Oso zaila da honetaz bizitzea. Azkenean abereekin lan egiten duenak bigarren jarduera bat izan beharko du; bigarren lanbide bat.
Nola eragin dizue ferien faltak?
Guretako Altsasuko feriak erakusleiho garrantzitsuak dira. Jendea etortzen da Gipuzkoatik, Logroñotik, Santandertik, Asturiastik… Kantauriar eskualde osotik etortzen dira, eta erakusleiho horrek gure produktuak saltzen laguntzen digu. Oso garrantzitsuak dira feriak, eta aurten ez dugu bat bera ere izan.
Zaldi haragia ez da asko jaten hemen.
Kultura kontua da. Hemen beti egon da ohitura behi eta txerri haragia jateko, baina ez zaldikia jateko. Gaur egun medikuek zaldi haragia gomendatzen dute, bitamina gehiago eta grasa gutxiago daukalako. Orain pixkanaka gehiago saltzen ari da hemen ere, horregatik, dituen ezaugarriengatik. Jaten ez bada kultura kontua da.