Testuan agertzen diren izenak asmatu egin ditut protagonisten anonimotasuna bermatzeko. Mesedez, ez hasi poliziarena egiten eta muturra sartzen ea nork egin zuen zer; ez da hori erreportaje honen helburua.
Etxarri Aranatz. Gabon gaua
Olentzeroren eguneko poteoa gozoa izaten da beti, eta aurtengoa, arau batzuk jarri dizkiguten arren, ez da atzean geratu. Lagunekin elkartu eta garagardo bat hartu dut. Eguraldiaz hizketan ari dira. Euria mara-mara ari duenez, plaza osoa babesten duen estalopea udalak azken urteetan egin duen gauzarik onena dela esaten ari dira; hori uste dut, nire burua ez baitago elkarrizketari adi. Atera naizenetik ideia bera datorkit behin eta berriz: gaur ravera joango naiz eta bertan gertatzen denari buruzko erreportaje bat idatziko dut.
Raverik egingo dela badakit. Astebururo egiten direla entzuten da herrian; baita astean bitan ere! Non egingo den ez dakit, ordea. Hori da arazoa. Raveetara joaten direnek kontua diskretuki eramaten dute. “Zeozer egongo da”, esaten dit Aitorrek, garagardoa bukatzeko keinua egiten didan bitartean. Beste bat atera nahi du.
Galderak egiten hasten banaiz susmo txarra hartuko dute eta horrek erreportajea kolokan jarriko du. Kontua alde batera utzi eta edaten jarraitzen dut. Haize bolada batekin euriak erasotzen gaitu eta estalopean barrura lekualdatu behar dugu. Desplazamendua aprobetxatzen dugu hurrengoa ateratzeko. “Orain patxarana!”, garrasi egin du Joanesek, eta emozio erantzun batekin piztu ditugu urtero erretzen ditugun puruak.
Pote bat bestearen atzetik eta ordubetean ahaztu egin zaigu terrazan eserita egon behar dela dioen arau hori. Ez guri bakarrik, beste koadrila batzuei gauza bera gertatu zaie; tabernatik tabernara denak elkartzen gara, fisika kuantikoari buruzko elkarrizketak dauzkagu eta, hiztun on bati, ihes egiten zaio: ravea non, noiz, eta nola izango den.
Lortu dut. Kazetari bezala gauza asko ikasi ditut, baina hori izan da leziorik onena. Alkoholari bere lana egiten uztea.
Etxean apal afaldu dut. Txanpaina probatu ere ez dut egin gau mugitua izango dudala badakidalako. Gurasoak ohartu gabe atera naiz etxetik eta ninja baten antzera iritsi naiz ravearen kokalekura. Aspaldian abandonatutako eraikin bat da. Musika eta algarak entzuten dira kanpo aldean, baina ez dakit non demontre dagoen sarrera. Atari nagusia itxirik dago. Atzetik soinu bat entzuten dut bat-batean. Orduan gogoratzen dut etxeratze agindua pasa dela iada! Alboetara begiratu eta ez dago txokorik ezkutatzeko, soilik hutsik dagoen aparkaleku bat eta itxirik dagoen horma zabal bat. Atzetik datorren soinua geroz eta ozenago entzuten da. Ahotsak dira. «Polizia ote?» susmatzen dut. Bihotz-taupadak goraka doaz. Korrika hasten naiz ihes egin nahian, baina orduan, nire parean agertzen da gaztetxo koadrila bat. Edariak daramatzate poltsetan eta ozen hitz egiten dute. Beraienak izango ziren entzun ditudan ahotsak. “Nundik sartzen da?”, galdetzen diet. Barre egiten dute; astebururo etortzen direnez ez dute ulertzen zer egiten dudan hor, kanpoan, ia izozturik.
Hamalau urteko gaztetxo koadrila honek erakusten dit bidea. Albo batetik sartzen dira atzeko aldera, eta hor daude barrura sartzeko atari batzuk irekita. Berdin du zein hartzen duzun, helmuga bera da beti: hogei bat metro karratuko gela bat. Bertan elkartzen dira hamalau urtetik hogeita hamar urte bitarteko gazteak. Musika aparatu bat, jendea korrontxotan hizketan, musukorik gabe eta batzuk dantzan. Hemen ez dago pandemiarik.
Joanes eta Aitor bertan daude. Ni ikusi eta erotuta jartzen dira bi alproja horiek. Ez zuten inondik inora espero ni hor agertzea, eta ongi etorri modura-edo, txupito bana hartzen dugu. Ravea hasi besterik ez da egin eta gelatxo horretan dagoen kondentsazioak arnasa kolpatzen dit. Alkohola, izerdia, tabakoa. A ze atmosfera. Beste bi txupito hartzen ditut klima horretara egokitzeko. Andoni eta Igor agertzen dira orduan, eta sekulako jendetza biltzen da haien inguruan. Hasieran ez dut ulertzen zergatik atentzio hori, baina berehala ikusten dut: mugikorrak atera eta pantailetan arrastoak egiten ari dira. Neri ere eskaintzen didate. Ezetz esaten diet. Erreportajea egiteko adi egon behar dut. “Kokaina ona da”, animatzen naute. Duda-mudatan nago zer ote den kazetari ona izatea. Rave-an infiltratu nahi badut, ez dut ba raveetan egiten dena egin beharko? Ravea barrutik bizi nire irakurleei kalitatezko erreportaje bat eskaintzeko?
Eta barrura.
Sartu edo ez sartu, dilemarekin, ez naiz ohartu egoeraren ezohikoaz. Normalean jendea sartzeko ezkutatu egiten da. Baina gela honetan ez; badirudi gela honetan pandemia aurretik zeuden “arauak” ere desagertu egin direla. Ez dago begirunerik. Denak balio du.
Kokaina hartu eta minutu batzuetara sekulako zirrara sentitzen dut. Tira, minutu batzuetara edo auskalo, ez baitakit ongi zenbat denbora pasa den. Argi daukadana da orain rave honek beste kolore bat daukala. “Popper pixket bei, o ze?”, eskaintzen dit deabru batek. Eta ez nago hain emozionatuta, baina uler dezaket zergatik egiten ari diren ilara bat deabruaren kristalezko potetik arnas-hartze bat egiteko.
“Inoiz beino parranda geyo eitten diau guai”, esaten dit batek. Ez dakit nork. “Eta bizi diaun egoera hontan, parranda bakoitze bereziye da; inoiz beino bereziyokue!”. Uste dut hori ez didala inork esan, baina imajinatzen dut horrela dela.
Geroz eta txupito gehiago hartzen ditut, eta geroz eta arrasto gehiago; geroz eta kazetari hobea sentitzen naiz. Erreportajea jario bat da orain. Gelatxo honetan gertatzen dena abesti hipnotiko baten antzeko zerbait da. Batzuk besteekin elkartzen dira, edan, erre eta ondo pasatzen dute. Eta ni ere ondo pasatzen hasi naiz. Neska bat gerturatzen zait. Naiara da, Etxarriko neskarik ederrena. Zeharka begiratzen nauela uste dut, ez ditut bere keinuak ondo ulertzen. “Lietzen ga?”, galdetzen dit. Edo galdetzen du, ez baitago zuzenean niri begira, baina aldi berean, niri begira dago. Nire alboetatik bi neska ateratzen dira orduan. Musuka hasten dira. Eta bien tartetik ateratzen da esku bat, Naiararena, tira egiten dit. Orduan ulertzen dut zer esan nahi zuen ‘lietzen ga’ horrekin. Denok liatzen garela. “Orgia”, entzuten diot barrez bati, eta ezin sinetsi eta sinesten, aske uzten diot gorputzari nahi duena egiten. Buruak gelatxo honetan ez du ezertarako balio.
“Maderuek!”, esaten du bat-batean norbaitek. Musika itzaltzen da. Tentsio momentua. Pareten bestaldean motor hotsa entzuten da. Ez dakit nor demontre izan den gai musikarekin hori entzuteko, eta gainera patrol baten motorraren hotsa dela bereizteko, baina badirudi arrazoia duela. Jendea aztoratzen hasten da. Batzuk ihes egiten saiatzen dira baina atea estuegia da. Hiru lagun batera geratzen dira harrapatuta hor, atariaren markoan, tapoi gaizto bat sortzen.
Batzuk kikildu egiten dira, ni tartean. Beste batzuk, ordea, kristalezko boteila batzuk hartzen dituzte. “Nei eztubiet harrapatuber”, esaten du morrosko batek eskuan harritzar bat daukala. Denok isilik geratzen gara. Pasillotik pausoak entzuten dira. Geroz eta gertuago. Atean harrapaturik daudenak askatzea lortzen dute, baina orain ez daukagu nora ihes egin. Bertan daude pausoak. Atarira begira geratzen gara eta…
Agertzen da Oier, Bakaikuko lixkartia. “Hasta que salga el puto sol!”, esaten du batek pelikula ezagun bati erreferentzia kaxkar bat egiten, eta musika topera jartzen du. A ze lasaitua. Txupito bat behar dut.
Ravea martxan da berriro, baina arazo bat dago. Bakaikuko lixkartiak todoterrenoa eraikinaren parean utzi du aparkatuta, harro-harro, eta ez du kendu nahi. “Hi Oier, ken zak hortik kotxie echando ostias”, esaten dio Aitorrek. “O bestela ze?”, erantzuten dio lixkartiak. Ukabilarekin mehatxu egiten dio Igorrek, hori baita Oierrek ulertzen duen hizkuntza bakarra. Ezinezkoa egiten zaie azaltzea poliziak kotxea ikusi eta ravea izorratuko duela.
Eta logikoa den bezala, Sakanan eta mundu osoan antzinatik erabili izan den dinamika sozial baten bidez konpontzen dute kontua: ukabilkadaka.
Oierrek giltzak hartu eta ubelduta alde egiten du. Orduan ohartzen dira Igor eta Andoni Bakaikuko lixkartia haien arazorik txikiena dela. Popper potea lurrean dago, eta sustantzia guztia lurrean isuria. Azkar batean hasten dira jendeari bulkatzen zonaldea zigilatzeko. “Joder! Ze liada!”, esaten du Igorrek. “Bueno, gutxines harrapatu diau normalien beño merkio”, erantzuten du Andonik irribarre batekin, baina berehala ezabatzen zaio azken potea zela gogoratzean. Ezer esan gabe, Igorrek burua jaitsi eta lurrari miazkada bat ematen dio. Andoni eta ingurukoak barrez hasten gara; batzuek barrea isiltzen dute belauniko jarri eta, Igorrekin batera, lurra miazkatzeko. Uste dut hau dela raveko momenturik gorena.
Atzetik Naiara ikusten dut pasatzen. Lehen gogoekin geratu naizenez berarengana joatea erabakitzen dut. Gelatxoa jendez gainezka dago. Orain denak ari dira dantzatzen eta zaila egiten zait bataren eta bestearen tartetik pasatzea. Denen izerdia itsasten ari zait. Nairararengana iristen naizenean zera ikusten dut, beste batzuekin orgia bat egiten ari dela. Jeloskor ez sentitzeko ahalegin guztiak egiten ditudan arren ezinezkoa da. Etxarriko neska ederrenarekin orgia bat egiten hasi naiz, eta inoiz ez da horrelako aukera bat errepikatuko! Aitor agertzen da orduan. Raveetan noizbehinka orgiak egiten direla esaten dit normaltasun osoz.
Orain ikusten dut. Ez Naiarak eta ez beste bi neskek ez didate musukatu guapoa naizelako edo erakargarria naizelako, hor nagoelako baizik.
Aitorrek pattal ikusten nau eta arrasto bat ateratzen dit. “Txarretik da”, dio. Ez nago ziur zer den, baina kokaina amaitu da eta orain denak ari dira hori hartzen. Hauts txuri horrek urduritasun zakar bat jartzen dit. Ingurura begiratu eta raveak berriro kolorea aldatu duela iruditzen zait. Hasieran bezala klima berri honetara ezin moldatu ikusten dut nire burua. Gelatxotik ateratzen naiz. Tripa hutsik sentitzen dut, erabat hutsik. Besoak dardarka dauzkat eta gorputza inoiz baino ahulago sentitzen dut. Pasilloetan zehar ibiltzen hasten naiz eta etxera itzultzeko erabakia hartzen dut. Aspertu naiz Sodomaz eta Gomorraz; inongo zentzurik ez daukaten plazerrez, eta geroz eta baldarrago sentiarazten nauen estimulo huts hauez.
Ez dakit zer ordu den, ezta rave honetan zeozer gertatzea falta den ere, baina nire kazetari lana hemen amaitu da. Gau hasieran gaztetxo horiek erakutsi didaten ibilbidea aurkitzen dut eta zuzen jarraitzen dut argia ikusten den aldera. Eguzkia ateratzen ari da. Nire begiek ixten erreakzionatzen dute. Nire gorputzak ere barrura itzuli nahi du, gelatxoko berora itzuli eta txoko batean geratu inorekin hitz egin gabe. Baina nire nahiak eta errealitatea dimentsio ezberdinetan daude. Oraintxe bertan, nire aurrean, hogei bat astronauta daude, berdez jantzita eta ilara perfektu bat egiten. «Astronautak, berdez? Extralurtarrak?» galdetzen diot nire buruari. Irribarre egiten dut baina ohartzen naiz ez daukadala barre egiteko gogorik. Are gutxiago begiak zabaldu eta astronauta horiek goardia zibilak direla ohartzean.
Bihotzak kolpe bat ematen dit. Eta maxkuriak ere bai. Korrikan itzultzen naiz barrura jendeari abisatzera baina dagoenekoz badakite. Kriston mugimendua dago pasilloetan zehar, batzuk botilekin, harriekin; altzariekin barrikadak prestatzen ari dira. Aitorrekin elkartzen naiz. Nondik ihes egingo dugun galdetzen diot baina barre arraro bat egiten du. Ez dago ihesbiderik. Botila bat jartzen dit eskuan.
Lehenengo goardia zibilak eraikineko sarrera zeharkatu aurretik bost objetu jaurti dizkiote. Hurrengoak ezkutu batekin egiten du aurrera eta ilara batean sartzen dira denak. Burura etortzen zait garai batean erromatarrak horrela sartuko zirela borrokara, dortoka formakuntza erabiltzen.
Gerturatzen ari dira. Aitorrek botila bat botatzen du eta ezkutuaren kontra lehertzen da, bete betean. Nik ere botatzen dut nire botila, eta berdin ematen dio ezkutuari. Astronauta erromatarrek aurrera jarraitzen dute. Harriek eta botilek ez dituzte geldiarazten. Barrikadek ere traba gutxi egiten dute. Azken saiakera. Lau ausartek aurrera egiten dute harri puska batzuekin, baina ezkutua inoiz ikusi dudan gauzarik sendoena da. Eta bat-batean, formakuntza hautsi eta guregana korrikan hasten dira; eta, gu, ihesika.
Eraikin honetako pasilloak labirinto bat dira eta ohartzen garenerako Aitor eta biak galdurik gaude. Isilik mugitzen hasten gara. Pausoak geldi-geldi ematen eta bata bestearekin keinuen bidez hitz egiten. Berari jarraitzeko esaten dit, ezkutatzeko toki bat ezagutzen duela. Inguruan garrasiak entzuten dira baina nik isil-isilik jarraitzen diot Aitorri. Orduan ikusten dut bere ideia. Kontenedore antzeko batera iristen gara. Tapa zabaldu eta barrura sartzen hasten da. “Azkar!”, esaten dit. Hanka sartzen dut. “Compañero!”, entzuten da orduan, eta bi astronauta ikusten ditut pasilloaren beste aldean. Kontenedoretik jaitsi eta biak erortzen gara. Lurretik ikusten ditut guregana korrikan borra eskuan dutela. Aitorri altxatzen laguntzen diot eta ziztu bizian ateratzen gara. Bidegurutze batean ezkerretara, hurrengoan eskubitara… pentsatu gabe ari gara korrikan, eta nik geroz eta gertuago ikusten ditut. “Soy periodista!” hasten naiz garrasika, eta esan bezain laster Aitor eta biok barrez leherka hasten gara. «Inportako balitzaie bezala!». Kolpe bat sentitzen dut buruaren atzekaldean eta minik sentitzen ez dudan arren, energia ematen dit abiadura azkartzeko. Aitorrek ere jaso du, antza, Kiriku baino azkarrago doa-eta.
Bueltaka, azkenean lortzen dugu eraikinetik ateratzea, eta hor ikusten dudana harrigarria da. Argisenti gorriaren azpian sekulako guda dago. Gazte batzuek nola edo hala ezkutuak lortu dituzte eta borrak eta makilak elkarri talkaka ari dira. Furgona bat ere hartu du norbaitek eta ondoko errekaren kontra joan da zuzenean.
Eszena ikusgarria da. Duela urte bataila honetan parte hartzen ari diren morroskoak haur txiki batzuk ziren, eta ordu honetan bertan Olentzeroren opariak ikusteko zirraraz esnatzen ariko ziren. Jakin nahi nuke ea Etxarrin badakiten, oraintxe bertan, etxeetan esnatzen ari diren bitartean, sekulako guduzelaia sortu dela.
Borroka ez da asko luzatzen. Azkenean gu gara bertatik ospa egin behar dutenak. Aitor, Joanes, Andoni, Igor eta bostok, etxera itzultzen gara patxada osoz. Poperraren anekdota gogoratzen dugu eta barrez hasten gara. Orduan, aurrean, amona bat ikusten dugu pasieran. Muxukoa dauka jantzita. Poltsikotan begira hasten naiz baina ez dut nirea opatzen. Ravean galduko nuen. Amonak gaizki begiratzen digu eta hogei bat metroko distantzia hartzen du. ‘Paseo de la vergüenza’ asko egin ditugu, baina hau da lotsagarriena.
Dagoenekoz, ohartuko zinen “erreportaje” hau Miedo y asco en Las Vegas-en antzeko zerbait dela, eta gaur abenduaren 28a dela, inozentearen eguna. Onartu behar dizut gabon gaua etxean pasa nuela Fortnitera jokatzen, inoiz ez dudala orgiarik egin eta, kazetaria naizenik, ezin dela oso altu esan.
Urte berri on.