“Altsasun labankada bat eman zidaten”, Rodomingo

Erabiltzailearen aurpegia Myke Nguyen 2021ko urt. 24a, 12:47

Sakanan hogei bat eskale bizi dira; kale gorriko istorio ikusezinak, baina istorioak, azken batean.

Urtarrileko hotza. Iortia kultur gunearen ondoan elkartu naiz elkarrizketatuarekin, estalpe inprobisatu batean. Arratsaldeko bostak dira eta zeruak iada ihes egin nahi du. Gaurko protagonistak hatxisa maneiatzen du behatz artean, berotu, jolastu, tabakoarekin nahastu eta kanuto bat egiten du. Hortz gutxiko irribarre batekin eskaintzen dit. Buruarekin ezetz esaten diot.

Unibertsitatean erakusten dizuten lehen gauza da elkarrizketa hasi aurretik grabagailua piztu behar duzula; grabazioa aseguru baten tankerakoa da. Orduan imajinatzen duzu egunen batean Lehendakaria elkarrizketatuko duzula, eta arazorik izanez gero gobernuko norbaitek mugikorra konfiskatuko dizula eta zuk Twitterren hori salatzea edo ez erabaki beharko duzula. Baina gaurko elkarrizketatua ez da Lehendakaria. Rodomingo du izena, eta ez du abizenik. Eta berdin dio berari buruz zer idazten dudan, ez baitu artikulua irakurriko. 

—Elkarrizketa batzuk bueltaka hasten dira, berotzeko. Zergatik bizi zara kalean? 

—Txiroa naizelako. 

—Eta zergatik zara txiroa? 

—Depresio bat izan nuen. Dena galdu nuen, familia, lana eta dirua. Eta

oaten zara behera eta gero ezin diozu bueltarik eman.

Emakumeak utzi ninduen. Nik konpondu nahi izan nuen, nire maitearengatik borrokatu, baina semeak erasotu egin ninduen. Eta andrea bere alde atera zen. Eta kanpoan geratu nintzen. Ni, beraiei dena eman ziena! Eta gainera bidali zuten bat, nire bila!

—Zure bila? 

—Bai, errusiar hori —urrutira seinalatzen du, ez dago inor—. Bidali zuten niri hankak haustera.

—Zu olaztiarra zara. 

—Ez, Alegriakoa naiz. Olaztira etorri nintzen bizitzera laurogeita hamazazpian, Cementos Portland zabaldu zutenean, lanera. Orduan semeak bost urte zeuzkan. 

Barre eta eztulka egiten du batera. Ipurdiaren ondoan bi garagardo lata dauzka. Bat paketeko uztaietik ateratzen saiatzen da, baina esku traketsak dauzka.

—Orain askoz ere hobe nago —garagardoa ateratzea lortzen du. Zabaldu eta aparra isurtzen zaio eskura—. Ni orain ez naiz iraganean geratzen, lehen baino indartsuagoa naiz —buruari kolpe pare bat ematen dizkio—; hemen dago sekretua. 

—Kaleak gogortu egin zaitu?

—Bai, hori da. Gaur egun asko entzuten dut jendea hizketan, barra-barra, institutoaz eta unibertsitateaz… Eta kaleko eskola, zer? Bizitzan behar diren gauzak ez dira arbeletan erakusten. 

Elkarrizketa luzerako joango dela ohartu eta Rodomingoren ondoan esertzen naiz. Orain, geratzen zaion garagardoak erakartzen nau.

—Kalean ikasi duzuna erakusteko aukera izango bazenu, zer erakutsiko zenioke jendeari? Zer da garrantzitsuena?

—Brrr! Au, au! —otsoaren ulua—. Ez dakizu zer den kalean bizitzea. Esango banizu… Altsasun labankada bat eman zidaten; bai, bai, errusiar horrek! —urrutira seinalatzen du. Ez dago inor.

Zakarra izango litzateke eskale bati azken garagardoa kentzea.

—Atzo haur batzuk pasa ziren nire kartoien ondotik. Mugikorrekin jolasean ari ziren, eta bide berria gurutzatu behar zutenean garrasi egin nien. “Ei! Kontuz!”. Eskerrak ez zela kotxerik pasa, baina haur batek sustoa hartu zuen eta mugikorra bota zitzaion. Negarrez hasi zen. 

—Uste duzu gizartea tenteltuta dagoela mugikorrekin?

—Bai, oso. Lehen txakur bat bizi zen nirekin. Txuri deitzen nion. Zaunka egiten zuenean denak izutzen ziren, eta behin horren ozen egin zuen zaunka non udaltzaingoak etorri behar izan ziren. Eh, zer begiratzen duk!

—Ezer ez.

—Azken garagardoa da —esaten du marmarka.

— ...

Isilik geratzen naiz. Bera ere bai. Marmar gehiago egiten du, eskuarekin burua igurtzen du eta, azkenean, garagardoa eskaintzen dit. Eskerrak ematen dizkiot; nire lehen inpultsoa lata garbitzea da, badaezpada ere, baina ez dut gaizki hartzea nahi, eta beste aldera begiratu arte itxaroten dut. 

Ondo sartzen da garagardoa. 

—Eta gauetan hotza egiten du? —bota eta berehala ohartzen naiz esan dudan txorakeriaz. 

—Ze telebistatan agertuko da hau? —galdetzen dit.

Garagardoa laster amaitzen da, eta pixaguraz gain, garagardo-gura ere jartzen dit. Gure aurretik emakume bat pasatzen da, eta Rodomingok ipurdira begiratu eta ukondoarekin ematen dit. Esan behar diot hori ez dagoela ongi, baina orduan nik ere ipurdira begiratzen diot eta…

—Garagardo gehiago behar ditugu.

—Benga! —salto batez altxatzen da Rodomingo.

***

Eroskira bidean diru-zorro higatu bat ateratzen du poltsikotik eta txanponak kontatzen hasten da. 

—Ezta pentsatu ere! —esaten diot—: Nik ordainduko ditut garagardoak. Zuk diru hori nik baino gehiago behar duzu; gainera, inork limosnarik eman badizu jateko eta bizitzeko izango zen, ez alkoholean gastatzeko.

—Nola? Zer uste duzu eskaleak esklabuak garela? Edo salgai gaudela? Ez motel, neri inork txanponak ematen badizkit horrek ez du esan nahi erosi egin nauenik. Nik diru horrekin nahi dudana egiten dut. Ni aske naiz, gainerakoak ez bezala.

Rodomingok arrazoia dauka, baina horrek ez du aldatzen garagardoak nik erosiko ditudala. Hamaseiko pakete bat eta litrona pare batekin irteten naiz eroskitik. Sobratzen zaizkigunak gaua berotzeko erabiliko ditu Rodomingok. Utzi dudan tokian, ordea, ez dago inor. Buelta bat ematen dut eta ez dut ikusten. Bakarrik utzi ote nau garagardo pila honekin?

Bat-batean, iskanbilatxo bat entzuten dut auzoaren bestaldean. Apustu etxe bat da. Bertara gerturatu eta hor ikusten dut Rodomingo, nerabe batzuekin erdi-borrokan. Musukoa jartzeko eskatzen diote, baina Rodomingok makil batekin mehatxu egiten die, esanez berak ez duela haur batzuen agindurik beteko. Korrika egiten dut eta jauzi batez ostiko zuzen bat ematen diot haietako bati. Lurrera erortzen da. Sudurretik odola dario. Amari esango diola negar egiten du eta lagunekin alde egiten du. Rodomingo eta biok, barrez, garagardo bana zabaltzen dugu. 

Garagardoak nik erosi ditudanez, esaten du txanponak ruletara botako dituela. Ez diot uzten. Edo saiatzen naiz. Sekulako atzaparrak dauzka. Aholkurik ematekotan banago: ez egin inoiz kontra eskale bati. Apustu etxera sartzen da garagardoarekin. Jabea esatekotan dago kaleko edariarekin ezin dela sartu, baina goitik behera begiratzen dio, bitan pentsatu, eta ixilik geratzen da. Seguru ezagutzen duela lezioa.

Ruletara gerturatu eta txanpon guztiak sartzen ditu. Dena beltzera.

—Irabazten badut putetxera gonbidatuko zaitut.

Bolatxoa erortzen da. Ziztu bizian ematen ditu bueltak, eta gero, geroz eta geldiago, jaisten doa. Geldi-geldi, 18 zenbakiaren gainean erortzen da. Badirudi hurrengora salto egingo duela, baina ez. 18. Gorri.

—Beti ezin da irabazi —esaten dit irribarre egin nahian. Nerbio batek begia dantzarazten dio. 

—Dena galdu duzu? —galdetzen diot.

—Berdin du… —esaten du burua jaitsiz.

Kartera ateratzen dut eta ikusten dut burua altxatzen duela irribarre batekin. Hogei euroko billete bat ematen diot. Ez dut utziko, ba, gosez hiltzen.

Kabroiak billetea hartu eta zuzenean erruletara korrika egiten du. Osorik sartzen du zirrikituan eta apostu egiten du. Dena beltzera. 

—Noizbait atera behar da beltza. 

Ukabilkada bat emateko gogoa daukat, baina erruletako bolatxoa bueltaka hasten denean pasatu egiten zait. Orain, bolatxoa zenbaki gorrien eta beltzen gainetik pasatzen ikusten ari naiz, eztarria estututa. Rodomingok begirada inozo batekin begiratzen du. Eta beltz ateratzen da. Dirua bikoiztu du, eta orain ni sentitzen naiz inozoa. Berriro jokatzen du dena, oraingoan gorri. Eta aztatu.

—Makinak nola funtzionatzen duen ikasten duzu denborarekin —esaten dit.

«Bai zera!» pentsatzen dut, horrek ez dauka zentzurik. Baina Rodomingok jokatzen jarraitzen du. Irabazten jarraitzen du. Eta orduan pentsatzen hasten naiz ea egia ote den makina zikin horiek “trukoa” dutenik. Orain bai sentitzen naizela inozoa.

Rodomingok mila euro irabazi ditu. Taxi batean goaz Olaztira bidean. Putetxera goaz.

***

—Propina eman behar nion, baina galdera asko egin dizkigu —esaten du barre maltzur batekin.

—Bueno, putetxeko atarian utzi gaitu. Badaki zertara gatozen.

Rodomingok atea zabaldu eta putetxea berea izango balitz bezala zeharkatzen du. Badirudi denek ezagutzen dutela, eta ez lagun ona izateagatik. Barran esertzen da eta kubata pare bat eskatzen ditu. Inguruan emakumeak daude, arropa gutxirekin, eta bat bere ondotik pasatzen denean ipurdia ikutzen dio. Emakumeak atzera begiratzen dio, eta aurrera jarraitzen du. 

Rodomingoren ondoan esertzen naiz. Leku hori ez da imajinatzen nuena. Kanpotik, neonezko argi ikusgarri batzuk; barrutik, iluntasun hotz eta ikuskaitz bat. Beste emakume bat pasatzen da ondotik eta Rodomingok tangatik heltzen dio. Tira egiten du eta neska ia-ia lurrera erortzen da. 

—Uste duzu hau ongi dagoela? —galdetzen diot.

—Lehen esan dizut ni aske naizela nire diruarekin nahi dudana egiteko. Eta ni naiz aske den bakarra. Zuk zure burua saldu behar duzu. Diruarekin erosten zaituzte erreportajeak egiteko. Nik, orain, nire diru askearekin emakume bat erosi behar dut. Erosten dudan momentuan emakumea ez da aske izango. Zuretzako ere erosiko dut bat, lasai.

—Uste dut ez dudala nahi.

—Birjina zara?

Moztuta geratzen naiz. 

—Ez daukat galdera horri zertan erantzun! 

Ezkontzarako erreserbatzen ari naizela kontu pertsonala da; ez daukat gogorik ezagutu berri dudan pertsona bati kontatzeko, ezta erreportaje honetan horretaz gehiago hitzegiteko ere! Esaten diot ni ez naizela inolaz ere emakume batekin joango, eta kubatari trago bat ematen dio niri mespretxuzko begirada bat botatzen didan bitartean. Altxatu eta tangatik heldu dion emakumearekin joaten da.

Bat-batean leku ilun honetako barra izkinean ikusten dut nire burua, erabat lekuz kanpo, eta pentsatzen hasten naiz nola izango den hemen eroso esertzen direnen bizia. Sakanako enpresa bateko langile talde bat dago mahai batzuetan eserita. Bakoitzak emakume bat dauka gainean dantzan. Gizon horietako bat ezagun baten aita da. Begirada konplize bat botatzen dit. Barraren beste izkinean ni bezalako bakarti bat dago. Matrailezur karratua dauka, begi txikiak eta aurpegi iluna. Esango nuke horri txortan egiteak ez diola grazia handirik egiten. Eta barraren erdialdean, matrailezur karratuko gizonaren eta nire artean, inguruko herri bateko gazte koadrila bat dago. Ni baino urte pare bat gazteago direla uste dut. Koadrilaren erdian emakume bat dago, eta entzuten dudanarengatik, mutikoak “regateatzen” ari dira. Zehazki, felazio bana eta kokaina poltsa bat lortu nahi dute. Diru gutxirekin. Bitartean, emakumeari ipurdia ikutzen saiatzen dira, batzuk lotsa gehiagorekin eta beste batzuk… 

A ze panorama.

Erreportajea bukatu nahi nuke, baina auskalo noiz itzuliko den Rodomingo. Kubata bukatu arte itxarongo diodala erabakitzen dut. Denborak aurrera egin ahala putetxeko bezeroak “errenobatzen” dira. Langileak alde egiten dute eta berehala iristen da beste enpresa bateko taldetxo bat. Gazteek ere, kokaina lortu, eta alde egiten dute. Beste gazte koadrila bat ere sartzen da, baina oraingoan neskatoak dira. Nire adinekoak dira, eta Sakanan denok ezagutzen garenez lotsatuta geratzen naiz. Ez naiz ausartzen esatera kazetari lanetan nabilela. Bi garagardo elkarbanatzen dituzte eta ingurura begira geratzen dira. Uste dut barre batzuk botatzera etorri direla, baina orain ez dute barrerik egiten, ni bezain lotsaturik daude.

Agertzen da azkenean Rodomingo izerdi patsetan eta asetu aurpegiarekin, eta egoera desatseginetik salbatzen nau.

—Bada garaia Guaixerako erreportajea amaitzeko! —esaten diot ozen, neskek entzun dezaten zertan ari naizen hor. 

Baina Rodomingoren aurpegia berehala okertzen da. Beldurra da hori? Nire atzera seinalatzen du. Bura jiratu eta neska koadrila ikusten dut, guri harrituta begira. Zer ari da Rodomingo? Neskak izutzen? Baina orduan ikusten dut matrailezur karratuko gizona nesken artetik pasatzen. 

—Errusiarra! —esaten du Rodomingok.

Eta gizona guregana etortzen da zezen bat bezala. Ukabilak estutzen ditu. Baina ni kazetaria naiz, eta ez diot inori utziko nire elkarrizketatuari minik egiten. Are gutxiago neska koadrila baten ondoan!

Nire teknika sekretua egiten diot errusiarrari. Hau da, aurrera salto eta ostiko zuzena. Baina oraingoan ez du funtzionatzen. Errusiarra ez da hegaka atera lehengo haurra bezala. Ez, ni atera naiz hegaka, atzeraka. Sendoa da gero. Halere, hori ez da nahikoa izango ni garaitzeko. Altxatu eta ukabilkada bat ematera noa…

Altsasuko osasun etxean esnatzen naiz. Ia ezin dut arnasik hartu. Non nagoen ikusten dudanean, ohartzen naiz sudurra hautsita daukadala, eta gainean musukoa daukadanez, oso zaila egiten zait arnasa hartzea. Erizain bat pasatzen da eta galdetzen diot ea nirekin gizon heldu bat iritsi den. Erantzuten dit ezetz, soilik ni ekarri nautela anbulantzian. Errusiarraren begi txiki eta hotzak gogoratzen ditut. Hiltzaile bat ote da? Non dago Rodomingo?

Ai ene. Gogorra da benetan kazetariaren lana.