Larrezabal Denboraren Kutxa

Sakanako Larrezabal Denboraren Kutxa 2010eko udaberrian sortu genuen.  Hasiera hartan ondoan izan genituen Iruñeko lagunak, Kataluniakoak eta Logroñokoak.  Gure asmoa  elkarri laguntzeko alternatiba bilakatzea izan zen eta jarraitzen du izaten. Bizitzeko beste filosofia bat. 

Eta, zer da denboraren kutxa?  Edozein motatako zerbitzuak trukatzen dira, eta ordaina eman edo hartu duzun zerbitzu horietan pasatu duzun denbora da.  Hau da, hemen denbora da balio duena eta, horrexegatik, denok, gure aniztasun zabalean, berdinak egiten gaitu. Zergatik? Berdin balio duelako arkitektoaren lanak eta garbitzaile batenak, adibide gisa. Beste balio bat konfiantza da; izan ere, horretan dago oinarriturik denboraren kutxa, konfiantzarik gabe ez bailitzateke posible izanen egitasmo hau aurrera ateratzea.

Sakanan 20 pertsona gaude taldean gaur egun, baina Iruñeko taldearekin elkartuta gaudenez, elkar trukaketetarako aukerak asko dira. Guztira ia 400 lagun aritzen gara gure denbora, esperientziak, ezagutzak eta  trebetasunak trukatzen… nahi dugun gizartea eraikitzeko aurrerapausoak ematen. Elkartasunari eta lankidetzari esker belaunaldi ezberdinen arteko harremanak errazten dira. Denok dugu zerbait eskatzeko eta zerbait emateko.

Dena den,  denboraren kutxa bat aberasgarri egiten duena ez da bakarrik pertsonen kopurua, baizik eta denbora trukatzea, erabiltzen ausartzea, jendearekin geratzea,  parte-hartzea, finean. Taldean edonork du tokia, goian aipatu bezala, denok daukagu zer ikasi eta zer eskaini…zuk zeuk ere bai! larrezabaldk@inigoaritza.com