XIX. mendean, Amerikako Estatu Batuetan anarkista batek artoa neurri gisa erabiltzen zuen bere dendan lana trukatzeko. Horrela, inor ez zen aberastuko beste batek egindako lanarekin. Arbela bat jarri zuen jendeak bertan idatz zezan zer zerbitzu mota bilatu edo eskaini nahi zuen. Herritarren artean zerbitzuen elkar-trukaketa bultzatu nahi zuen arbelarekin.
Japonian etxekoandre batek sortu zuen lehendabiziko denbora kutxa. Han, asko zaintzen dute adineko jendea, eta helburu horrekin, hain zuzen ere, sortu ziren XX. mendeko hango denbora kutxak.
1980ko hamarkadan, giza eskubideen alde lan egiten zuen abokatu batek, Amerikako Estatu Batuetako ospitale bateko gaixoen beharrak ikusita, ospitaleetako denbora kutxak sortu zituen bertako gaixoei laguntzeko.
Eta handik atera gabe, bertako jendeak asko erabiltzen ditu denbora kutxak, hala nola, etxekoandreek, nerabeek, adinekoek edota langabeek. Bestalde, asko erabiltzen dira delituren bat egin duten gazteen kasuan. Hala, kartzelara sartu ordez, gizarterako lanak egiteko aukera emate zaie gazte horiei, horretarako denbora kutxa batean trukatzeko dauden zerbitzuak baliatuta. Eta ez gara joanen lurralde honetatik beste denbora kutxak aipatu gabe, eskolak, drogadizioen kontra dauden programak, presoen gizarteratzea, laguntza taldeak, etxebizitza publikoen agentzia...
Erresuma Batuan, berriz, alderdi politikoek beraien programetan sartzen dituzte denbora kutxak. Eta erabiltzaileek abantaila fiskalak lortzen dituzte bertan parte hartzeagatik.
Bretainia Handiko kartzela batean badute txirrindulak konpontzeko tailer bat eta trukeak egiten dituzte herriko denbora kutxarekin.