Google Teacher Prize sarirako hautagai izan zen Zaragozako Cesar Bona irakaslea. Hori dela-eta ezagutu genuen bere lana. Cesar Bonak ikastetxean egiten zuena antzekotasun handia du denboraren kutxetan egiten denarekin (Bonak beste izen bat ematen bazion ere).
Berak antolatutako egitasmoan aitona-amona batzuek eta euren bilobek parte hartzen zuten. Eta irakasleak honakoa proposatzen zien ikasleei: aitona-amonei galdetzea zer izan nahi zuten txikitan eta zer orain. Biloben bitartez eta irakasle honi esker, aitona-amonek ahaztuta zituzten ametsek argia ikusi zuten. Amona batek futbol atezaina izan nahi zuen. Futboleko arropak jantzi, baloi handi bat hartu eta bilobei gola sartzen ahalegindu zen. Entzuteko moduko barreak egin zituzten bilobek amona praka txikiak jantzita baloi handi hura ezin harrapatuz ikustean. Beste amona bat hegazkin pilotua izateko irrikitan zegoen. Gurpileko aulki batean eseri, kartoizko bi hegal magalean utzi, igeri egiteko betaurreko batzuk jantzi, txano bat eta bideetan barna eraman zuen korrika bilobak amona, hau barrez lehertzeko zorian zegoela. Eta horrelako beste hamaika gertakari, aitona-amonak protagonista nagusi zutenak. Zoragarria izan zen ikustea aitona-amonen poza beraien ametsetan murgildurik zeudela. Ziur aski ez dute sekula ahaztuko egun hartan bizitakoa. Belaunaldi ezberdinak, baina balio aberasgarriak elkarrekin trukatu zituztenak.
Denboraren trukeak ez du preziorik dirutan, bai ordea pertsonaren aberasgarritasunean.