Miguel Angel Sagaseta Ariztegik, Urdiaingo apaizak, jaso zuen Euskal Herriko Txistulari Elkartearen (EHTE) Urrezko Domina pasa den larunbatean, irailaren 15ean. Sagaseta euskal dantzak biltzen dituen lanagatik omendu zuten apaiz den herrian. Egun guztirako ekitaldiak zeuden prestatuta, eta asko izan ziren gerturatu ziren bizilagunak.
Goizeko 09:30etik bildu ziren txistulariak herriko frontoian, handik Urdiaindik kalejiran abiatu ziren eta jendea haien atzetik batzen joan zen. 11:30 aldera Aita Miguel agertzean harrera egin zioten txistuaren musikaren erritmora. Pozez beterik muxuak eta besarkadak trukatu ziren, Sagasetaren familia, herriko bizilagunak, txistulariak, EHTEko antolatzaileek, Luzaideko bolantak eta Ortzadar dantza taldeko kideak. Berriz ere, guztiok batera plazaraino kalejiran abiatzen hasi eta plazan Aita Miguel txistulari guztiekin argazkiak ateratzeko denbora hartu zuten.
Errekonozimendua
Argazki guztiak aterata, udaletxerainoko bidea hartu eta txistularien atzetik bukatutzat eman zen kalejira. Udaletxe barruan, txikia gelditu zen prestatutako gela, hainbat kamera eta txistularik joan ziren lehenbailehen tokia hautatzera. Oso azkar bete zen aretoa eta hasiera eman zuen EHTEko lehendakariak.
Hasieran eskerrak eta errekonozimendu handia eman zitzaion omenduari hain jende talde ederra batzeagatik. Bere historia kontatzen hasi ziren, nolakoa izan zen bere haurtzaroa, lanaren abiapuntua non egon zitekeen… Sagasetaren aita ere aipatu zuten gidari gisa, dantzaria zelako. Hasiera batean Luzaideko jauzien musika eta dantzak bildu nahi zituela azaldu zuten, baino konturatu zen oso aberatsa zirela Euskal Herriko jauzi dantza guztiak eta bere posizioa aldatuz joan zen.
Bere lanaren esperientzia guztia amaitutzat eman zenean, lehendakariak urrezko domina emateko momentua ailegatu zen. “Aita Miguelen lana oso baliotsua da, ez da denbora laburrean egin daitekeen lana. Sei alditan joan zen pertsona berdina elkarrizketatzera datu zehatzenak izateko, dantza bakoitzaren pausu guztiak xehekien jakiteko.” Esan zuen lehendakariak txistuak jotzen hasten ziren bitartean.
Orduan, lehendakariak, domina hartu eta “ziur nago eman behar dizuguna baino gehiago merezi duzula” esaten zuen bitartean urrezko domina jarri zion. Txistuaren musika eta etenik gabeko txaloen ostean, dantzari batek Aita Miguelen aurrean, hutsik gabeko aurresku bat dantzatu zuen.
Eskertua
Honen ondoren Aita Miguelen txanda iritsi zen jende guztiaren mesedean, “Eskerrik beroenak etortzeagatik, batez ere zuei txistularien ordezkariei eta txistulariei.” Bere lana posible egin duten guztiei, interesik gabe lagundu eta argitaratze ideia eman ziotenei eskerrak ematen jarraitu zuen. “Neretzat gozamen hutsa izan zen ikerketa hau egitea” zioen Sagasetak. “Eskerrak hainbat herri dantzari eta txistulariei, beraz domina hau askorena da, Euskal Herri osoarena dela esango nuke” hitz eder hauekin bukatutzat eman zen omenaldia, eta kalean egun osoan festan aritu ziren Urdiainen Aita Miguel maitatuaren omenean.