Torres: "Gazteak inplikatzen dira eta azpimarratzekoa da"

Erabiltzailearen aurpegia Leyre Mateos Galarza 2020ko aza. 2a, 11:40

Intxostiapunta gazte gunean murala margotzen.

25. urteurrena eta gero Altsasuko Udalaren Gazte Zerbitzuak oso lanpetuta jarraitzen du eta gazteak gogotsu eta inplikazio handiarekin ikusten ditu.

Altsasuko Gazteria Zerbitzuak bere ibilbidea gurekin berrikusi du. Blanki Torresek, gazteria teknikaria, 14 urte daramatza zerbitzu hori aurrera eramaten. Hasieran gazteria gogotsu ikusten zuen eta kristoren lana zegoen egiteko, “gazteek ez zeukaten berezko toki bat ezta politikan gune edo toki bat” dio Blankik. 

2006ean diagnosia egin zuten eta ehunetik-ehunek lokal eta gelen falta sumatzen zutela jakinarazi zuten. Horren ondorioz bazekiten zein izango zen lehenengo pausua. Hasiera hor izan zen, lan askorekin eta Torresek kontatzen digun bezala “horrela jarraitzen dugu, pertsonal gutxi eta lan asko”. Hasiera hura gogorra eta lan handikoa izan arren, teknikariak alde onak gogoratzen ditu “gazteen parte hartzea eta inplikazioa, horrekin  gelditzen naiz eta, azkenean, garrantzitsuena da”. 

Gazteen inplikazio horrek bizirik jarraitzen du gaur egun eta urtemugako prestakuntzetan nabaria izan da. Aldizkaria prestatzeko lan gogorra eta laguntzeko gogo handia ikusi dituzte gazteen partetik Gazteria Zerbitzuan, horregatik, emaitzarekin oso pozik daude. 

Aurrera begira
Gazteria Zerbitzuak argi dauka gazteria politika publikoek orain eta etorkizunean nahitaez kontuan hartu beharreko gaiak direla. 25. urteurrenaren harira argitaratutako aldizkarian azaldu duten bezala, oraingo gizartean gazteak definitzea zaila da eta askotan baldintzatuta daude erakundeetan, eskoletan, legeetan, komunikabideetan, politikan eta abarretan ematen zaien irudiagatik. “Batzuetan gazte hitza erabiltzean gazte askotaz ahazten garela diote, badaudelako gazte izateko modu desberdin asko” dio teknikariak. Horregatik ezinbestekoa da politika publikoetan desberdintasunak kontuan izatea. 

Hau ulertuta Gazteria Zerbitzuaren ikuspuntutik Altsasuko herriaren politiken ardatzak “etxebizitza izateko eskubidea, enplegu egonkorra eta soldata duina, osasunerako eskubidea, tratu onak, zainketak eta aisialdi ez merkantilistarako aukerak zabaldu behar dira”. Hau da, dauden aukerak baino gehiago eskaintzea  izango litzateke, batez ere gaueko aisialdian. Datu horiek zerbitzuak 2006an egindako diagnostikoan lortutako datuak dira. Erronken artean dituzte genero ikuspegia zeharkakoa izatea. Eta, Torresek gaineratu duenez, “berdintasuna lortzeko, dibertsitate funtzionala duten gazteekin lan egin behar da”. 

Eskaintzak Europak esaten duen moduan 12 eta 21 urte bitarteko gazteendako eginak daude. Baina adin mugak hain zabalak direnez, Altsasun hiru zerbitzu eskaintzen dituzte. Aurrena, Gaztetxokoa, 12 eta 17 urte bitarteko adinekoendako programak dira. Hurrena, Gaztegune, 18 eta 30 tartekoendako da. Hirugarren zerbitzua Gazte Informazio Gunea da. Azken hori pertsona guztiendako irekia dago. Azkenik, sexu aholkularitza ere eskaintzen du Gazteri Zerbitzuak. 

Gozamenez, eta gehiago
Programa hori oso garrantzitsua dela dio Torresek, eta merezi duen tokia eman behar zaiola nabarmendu nahi du. Programa hori “sexualitateari eta gazteriari buruzkoa da, ni hona etorri aurretik Sakana mailan hasia zen, eta oraindik oso bizirik jarraitzen du”, kontatu digu Torresek. Gainera, genero programa eta kulturen arteko topaketak ere oso garrantzitsuak dira. Musika eta sormenaren aldeko zerbitzuak ere indartsuak dira, eta horiek sustatzeko lokalak eta gelak izatea garrantzia handia dauka. Horretarako, bi entsegu toki daude eta teknikariak dioen moduan jarraian erabiltzen dira entseguak egiteko, aukera hau nerabe eta gazteendako da. 

Gazteriari eskaintzen zaizkion programak 18 dira aurten, baina hasiera batean bospasei ziren. Lan asko eta prestakuntza handia behar izan dira guzti horiek aurrera atera ahal izateko. Eskaintzen dituzten programak honakoak dira: prestakuntza eta enplegu programak, aisialdirako programak, sozio-ekonomia eta natura programak, parte hartze programak (gazte guneko bitartekariak), gazte kulturen arteko topaketak, aurten urteurrena, ur festa goxoa, Gozamenez, Udagazte udarako kanpaldia, euskara bultzatzeko programa, generoaren programa, Erasmus programa (gazte trukeak, boluntarioak), Nafarroako Gobernuarekin III. gazteria plana prestatzen ari dira, teknologia berriak, Gu Geu Gazte, Tratu onen aldeko programa Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin batera garatzen dena, gelak mailegatzea (sukaldea, ziber-gela, entsegu gelak, gela arruntak gazteek dohainik erabil ditzakete) eta aurten etxebizitzaren gaia jorratu dute. 

Egoteko leku bat edo espazio bat zen gazteek duela 25 urte eskatzen zutena, eta duela 10 urte bete zen Intxostiapunta gazte gunearen mustutzearekin. Eraikina mojen ikastetxea zegoen tokian eraiki zuten, musika es- kola mustu zuten eraikin berdinean eta bertan gelak mailegatzen (sukaldea, ziber-gela, entsegu gelak, gela arruntak gazteek dohainik erabil ditzakete). Musika eta sormenaren aldeko zerbitzuak ere indartsuak dira, eta horiek sustatzeko lokalak eta gelak izatea garrantzia handia dauka. Horretarako, bi entsegu toki daude eta teknikariak dioen moduan jarraian erabiltzen dira entseguak egiteko, aukera hau nerabe eta gazteendako da. 

Pandemia
2020. urtea ez da ohiko egoera inorendako eta Gazteria Zerbitzuak ere egokitu eta neurri berri asko jasan behar izan ditu. Horregatik, metodologia aldatu behar izan dute, momentu batean online egin behar izan zuten. Baina Torresek dioen bezala “gazte arloan beti aldatzen joan beharko gara, gazteen erritmoa oso azkarra delako eta ezin garelako atzean gelditu”. Egoera honetan hainbat gauza derrigorrez aldatu behar izan dituzte: aforoa, gauzak ukitzea, leku batetik bestera mugitzea, eta abar. Baina teknikariak positiboki hartu du egoera eta aurrera begira daude Gazteria Zerbitzuan. Gazteria gogoz ikustea motibazio bat da, beraz, orain arte bezala, uneoro ikasten eta gauza berriak sortzen jarraituko dutela dio Torresek. 



Gazte agenda
Intxostiapunta gazte gunea egunero zabaltzen dute. Pandemiak eragindako egoera kontuan hartuta, gaur egungo ordutegia 17:00etatik 21:00etara da. Hala ere, ekintza bereziak izaten dira ere. Bestetik, asteburuetarako gustu guztietarako tailer, ekimen, emanaldi eta abar antolatzen dituzte gazte gunean. Gehienak doan izaten dira, eta ordaintzekotan prezio sinbolikoa dute. Esaterako, hilabete honetan Gozamenez film laburren lehiaketaren gala izan zen. Aurreko urteekin alderatuz, aurtengoa xumeagoa izan da egoerak baldintzatuta, baina normalean sari banaketa handia antolatzen dute Altsasuko Udalak antolatzen duen bideo lehiaketari amaiera emateko. Bestetik, billar, ping pong, futbolin eta abarreko jokoen txapelketak antolatzen dituzte, escape room-ak, argazkilaritza, sukaldaritza eta abarren tailerrak, bideo-joko txapelketak eta abar. 

Joan den urtean lehendabiziko aldiz Sakanako gazte txokoen topaketa egin zen Altsasuko gazte gunean. Irurtzun, Arbizu, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutiko ehun bat gaztetxok parte hartu zuten eurek sustatutako egitasmoan. 

Bestetik, Intxostiapunta gazte gunearen programaren eta zerbitzuen informazioa helarazteko berriemaile programa jarri zuten martxan duela zenbait urte. Berriemaile horiek gazte zerbitzuaren eta ikastetxeen arteko lotura dira. Asteazkenetan Intxostiapuntara joaten dira eta egingo diren ekimenen informazioa jasotzen dute. Hurrengo egunean ikastetxeetan helarazten dute. Berriemaileen lanen artean daude gazteen interesak eta nahiak jakinaraztea ere. 

Urteurren bikoitza 
Altsasuko Gazteriaren Zerbitzuak 25 urte bete ditu eta Intxostiapunta gazte gunea mustu zutenetik 10 urte pasa dira. Ospakizun bikoitza. Pandemiaren eraginez egoera "desberdina eta arraroa" izan arren, urteurrenak behar bezala ospatu nahi izan dute eta urrian hainbat egitasmo eta jarduera egin dituzte. Ostiralean urtemuga egitarauari akabera emanen zioten urtemuga aldizkariaren aurkezpenarekin. Aldizkariak gazteria zerbitzuaren eta gazte gunearen historia biltzen du, eta gazteek sortu dute. Gainera, gaur bertan gazteria zerbitzuan egindako jardueren, ekitaldien, jokoen eta abarren argazki eta kartel erakusketa mustuko dute ere. 

Baina urteurrena lastailaren 3an hasi zuten, Elektrokela elektrotxaranga altsasuarraren emanaldiarekin. Intxostiapunta gazte gunearen patioan egiteko aurreikusita zegoen, baina eguraldi txarra zela eta, bertan dagoen gimnasioan egin behar izan zuten. Erritmoarekin hasi zuten urteurrena. Lastailaren 10ean escape room-a izan zen eta aurreko ostiralean bertso saioa izan zen. Izan ere, euskara sustatzea da gazteria zerbitzuaren helburuetako bat.