1. Zergatik esne bilketa bat?
Beste batzuetan janari bilketa egin dugu, eta ez da ezetz esango norbaitek janaria ekartzen badu. Baino oraingo honetan, pandemia erdian delarik, errefuxiatuak urte osoa konfinatuta daramate esleitutako eremuan. Ezin dira atera eta gu ezin gara barna sartu; beraz, beste elkarte baten bidez sartzen da gure janaria. Jada bi fruta eta esne osagarria ematen ari dira, gobernuak ematen diena ez delako nahikoa elikadura on bat izateko. Fruta han erosten dugu, baina esnea hemendik eraman dezakegu.
2. Nafarroan apirilaren 10ean hasiko da, zeintzuk dira Sakanako bilketa lekuak?
Sakanan oraingoz, Arbizun eta Altsasuko BM-n eta bi Eroski-etan eginen dugu.
3. Edozein esne eraman daiteke?
Esne osoa eskatzen ari gara. Baina norbaitek esne erdi gaingabetua edo gaingabetua emanez gero ezer ez da baztertuko. Baina behar dena ikusita eta hango jendeak elikatzea behar duela eta osagaiak behar dituela ikusita, esne osoa nahiago dugu.
4. Zenbat denbora iraungo du esne bilketak?
Apirilaren 10ean egongo gara bakarrik, 10:00etatik 20:00etara edo 21:00etara. Norbaitek egun hori pasa eta gero bere ekarpena egin nahiez gero, biltegia Iruñean daukagu eta beti irekita ez egon arren, jakinaraziko genuke zer egun eta orduetan joan daitekeen jendea. Bernardino Tirapu zeharbideko 46an gaude.
5. Zein da orain Lesboseko egoera?
Orain, pandemia erdian, Karatepeko eremuan konfinatuta daude. Zelai hau itsas ondoan dago, berunez kutsatuta, ez dauka inolako aterperik eta euria egin duen guztietan urmaela bilakatu da. Ez dugu informazio zuzena barruan nola dauden jakiteko, oraindik ez digutelako sartzeko baimenik eman, baina beste elkarteetatik dakigun gauza bakarra da gero eta okerrago dagoela barruko egoera. Covid-ak kutsatutakorik ba ote dagoen ez dakigu ziur, baina baietz uste dugu. Garbitasunik gabeko toki batean bizi dira eta bizi baldintzak oso kaskarrak dira. Gainera, armadak ematen duen janaria oso eskasa da eta elkartetik eramaten dugunarekin bizi behar dute.
6. Zergatik hasi zen Zaporeak Grezian lanean?
2016ean Chios uhartean hasi ginen, 10 edo 12 hilabete iraun genituen han. Ez gara elkarte handia eta oztopo asko jartzen dizkigute bidean. Chios-en oztopo asko jarri eta gero ateak itxi zizkiguten, eta handik joan behar izan genuen. Beste alternatiba bat bilatu eta 8 hilabete Atenasen pasa genituen, SOS Errefuxiatuak elkartearekin egon ginen, baina berdina gertatu zitzaigun, eta sukaldea itxi ziguten, gu salatu eta osasun kontrolak bidali eta gero. Horren ondoren, Patran egon ginen 3 hilabetez, eta antzeko zerbait gertatu eta gero bota gintuzten. Eta, azkenik, Lesbos. Oraingo honetan sartzea asko kostatu zitzaigun, urte bat. Zailtasun handiak izan arren han jarraitzen dugu lanean, dagoeneko 26 hilabete egin ditugu lanean.
7. Nolakoa da eremuetan bizi den jendea?
Nazionalitate asko daude eremuan, gehienak afganiarrak eta siriarrak dira. Sirian aitortutako gerra bat dagoenez gutxika-gutxika kontinentean sartzen joan daitezke. Alderantziz, afganiarrak ezin dira sartu, bere herrialdean aitortutako gerra ez dagoelako eta ez daukate asilo eskubiderik.
8. Zein da zuen helburu nagusia?
Jende guzti hori elikatzea eta beraiendako janaria prestatzea gure etxerako janaria izango balitz bezala. Guretako oso garrantzitsua da harreman bat izatea, orain egin ezin dugun arren, janaria eskuetara ematea.Beraiek ere eskertzen dute harreman fisiko hori izatea; eta guretako, nahiz eta oso lan gogorra den eguna bukatzen denean eskuetara elikagaiak ematera joateko indarrak ateratzen ditugu.
9. Orain beste elkarte batzuekin lan egiten duzue?
Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) batzuk, barruan sartzeko ahalmena daukate, eta haien bidez eramaten dugu gure janaria. Banaketa desberdina da, orain poltsetan doa dena gordeta, baina hitz egin dugun kontaktuaren falta izan arren jatekoa badute.
10. Beste batzuetan, antzeko ekimenetan zein izan da sakandarren erantzuna?
Azkenekoa elikagai guztien bilketa izan zen eta ikusgarria izan zen. Sakanan gutxi gorabehera4.500 kilo janari bildu genituen egun batean. Oso ona izan zen sakandarren jarrera.
11. Nola lagundu daiteke Zaporeak elkartea beste modu batez?
Nik gogoraraziko nuke zaila dela besteen egoeran jartzea inoiz ez bazaigu halako zerbait gertatu. Informaziorik ez badugu jasotzen arazoa ahaztu egiten dugu, eta inor ez dago arriskurik kanpo. Nik egingo nukeena da elkarte txikietan arreta jartzea. Elkarte txikietan langile eta boluntarioak tartean inplikatuagoak daude, eta laguntza gehiago behar da. Informazioa bilatu eta adi egon behar da bilketa hauek noiz izaten diren. Elkarte eta GKE handiek gobernuen laguntza gehiago dituzte, eta txikiak dira benetan laguntza behar dutenak.