R. Angulo eta J. L. Cuevas

"Ez dugu errotzea nahi, kontrolatzen saiatzen gara"

Erabiltzailearen aurpegia

Raul Angulo eta Jose Luis Cuevas Anekhi erlezaintzan ari diren aizkorbearrak dira. Haiek eztia egiteaz aparte, urteko denboraldi honetan Asiako erlaminak harrapatzeaz ere arduratzen dira

1. Lehenik eta behin, Asiatik datorren erlamin horri buruz hitz egiteko, zeintzuk dira horren arriskuak?
Arriskurik handiena da gure erleak erasotzen eta ahultzen dituztela. Erlauntza ahuletara joaten dira han erleak erasotu eta beraien larbak elikatzeko erabiltzen dituzte bertako erleak. Asiako erlaminek hori bakarrik egiten dute, gure ekosistemarako ez daukate onurarik. Gure erleek, berriz, polinizatu egiten dute. Honek ez die erlezainei bakarrik kalte egiten, nekazariei ere bai. Asiako erlaminek gozokiak behar dituzte eta urteko garaiaren arabera sagardoa egiteko erabiltzen dituzten sagarretara doaz, adibidez, edo irailean mahatsetara. 

2. Zein da aurre egiteko garairik aproposena?
Martxoan hasten gara, udaberrian, eguraldia ikusita hori bai. Zaila da, irailetik lastailera erregina ernalduak habietatik ateratzen dira negua lur azpian pasa eta gero. Erregina hauetako bakoitzak habia berri bat egiten du, eta, horregatik, garrantzitsua da orain aurre egitea, habia handiak egin ez ditzaten.

3. Nola egiten diozue aurre?
Tranpak jartzen ditugu. Ultzama-Arakilgo baso zaindariekin hitzaldi bat eman genuen, agertu zen jende guztiari tranpak nola egin erakusteko. Horretarako, plastikozko botilak erabiltzen ditugu. Garrantzitsuena orain jartzea da, tranpan erortzen den bakarra Asiako erlamina izateko, hau orain ateratzen hasten denez bakarrik espezie hau erortzen da. 

4. Nolakoak dira haren habiak?
Lehenengo habiak txikiak dira, orain sortzen dituztenak, teniseko pilota baten modukoak dira. Teilatu hegalen azpian, egurra gordetzen den txaboletan, ardien ontzietan egoten dira gehienetan. Ezin da busti, beraz, babestutako tokiak behar ditu. Baina, aldi berean, hezetasuna behar dutenez erreka inguruetan ere ager daitezke. Gero larbak aterata, habia handiagoak egiten dituzte, horiek makaletan egoten dira, altuera handian. 

5. Eraginkorrak dira jartzen diren tranpak?
Oso eraginkorrak dira bakarrik erlamin horiek erortzen direlako. Pinpilinpauxarik ez da sartzen, noizbehinka euliren bat agertzen da, baino ezer gehiago ez. Oso erakargarria da Asiako erlaminendako, sartzen dira eta oso hegal handiak dituztenez, ezin dira atera, gora eta gora hegan egiten saiatzen dira baina ezin dira atera. 

6. Zer amu jartzen duzue tranpan?
Sangria jarri dugu, garagardo beltza ahabiekin, beste batzuek patxarana jartzen dute, beste batzuek anisa, eta abar. Bakoitzak bere ohiturak dauzka. Nik hemen honekin erortzen direla ikusten badut hau jarriko dut. Denboraldi honetan gozoa behar duenez oso erraza da sartzea eta tranpan erortzea. 

7. Hobekuntza nabaritzen da?
Hobetu ez dakit, saiatzen gara egoerak okerrera ez egiten, gehiago zabaldu ez daitezen. Ez dugu Asiako erlaminak errotzea nahi. Ezinezkoa zaigunez haiek guztiz desagertaraztea, orduan kontrolatzen saiatzen gara. Horrela, ahalik eta minik gutxien egiteko. 

8. Eta bigarren mailako habiekin zer egin daiteke?
Bigarren mailako habiaren bat kendu dugu. Pertsonendako ez da arriskutsua, altura handietan dago eta kentzeko garabia batekin igo behar izan dugu. Garrantzitsuena lehen mailako habiak kentzea da, bigarrenak egin ez ditzaten. 

9. Zuendako zer garrantzi daukate erleek?
Izugarria! Erlezain hasi ginenean oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun erleak ingurumenean daukan garrantzia, eta oraindik ere iruditzen zaigu. Gainera, ikusten genuen ere, oso animali zigortua dela, jende askori beldurra ematen diolako. Erleek ez dizute eraso egingo, haien etxean sartzen ez bazara. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu, beti ingurumenaz hitz egiten gabiltza eta gero gauza hauei ez zaie ematen daukaten balioa. Oso baliagarriak dira polinizatzaile bikainak direlako eta haiek bezalakorik ez dagoelako. 

10. Zer gertatu da azken urteetan Asiako erlamin hauekin?
Galera handiak eragin dizkigu erlezaintzan gabiltzanoi. Gure kostuak gorakada jasan du, eta ezin dugu eztia behar den prezioan saldu. Gainera, Txinatik ekartzen duten "eztia" , oso merkea da. Eta hemengo erlezainak ezin gara lehiatu. 

11. Noiztik dabiltza hemen?
80ko hamarkadan ailegatu ziren eta pixkanaka garrantzia handia hartzen joan dira. Galizian eta Asturiasen asko daude, hezetasun handia daukatelako. Hemen, Erriberan, gutxi batzuk daude ez dutelako behar duten klima hezea.