Astekoa

Atarietatik tabernetara...

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Galarza Izagirre 2021ko urr. 11a, 09:32

Habitatzea, zer da habitatzea? Fenomeno kulturala.
Habitata: gure lekua, gure txokoa, babesturik sentitzen garena. 
Zein da nire txokoa? Non sentitzen naiz ni salbu? Nire lekua galdu da. Nire lekuan ez dago inor, ez da inor esertzen, ez du inork zaintzen, ez du inork ikusten... desagertu da. Ez dut babeslekurik, ez dut txokorik eraikitzen, nirea (txokoa) galdu egin dut eta geratzen zaidan aukera bakarra berriro ere aurkitzea da, edo eraikitzea bestela. 
Espazio bat ez da geldirik mantentzen den bizilekua, bere horretan, besterik gabe, egoten dena. Pertsonak espazioen bitartez bizi dira, espazioek eraiki egiten gaituzte. Eta herriko txoko maitatuenak galtzen ari gara. Ataria. Jende jarria batzen den leku sakratua. Etxetik aulki bat hartu eta atarian eseri, besterik gabe, ez da ezer gehiago behar: aulkia eta hitzak partekatzeko kideak. Baina zer gertatu da? Txokoak husten ari dira... Atariak hor daude bai, ez dira desagertu, aldiz, espazio soziala ez dago.
Ohitura galtzen ari da, egun txokoetan jarri beharrean tabernara joaten gara lagunekin, poteak hartzera eta hortik, beste taberna batera pote gehiagoren bila. Dirudienez, ez dugu txokoak berreskuratzeko gogorik ezta bertan eseri eta zaintzeko grinarik ere. 
Txokoak sozializatzeko alternatiba dira. Emakume zein gizonak lan egunaren ostean txokotara gerturatzen ziren bizilagunekin momentutxoa partekatzera, inolako planik edo buruhausterik gabe. 
Gure aitona-amonak badoaz eta haiekin batera sozializatzeko modu zaharrak. 
Hurren arte txoko maiteak.